Aloñako Igoera berezia izan da aurtengoa, bereziki gizonezkoetan eman den amaiera dela-eta. Parte-hartzeari dagokionez, inoizko lasterkari kopururik altuenak eman zuen izena –321– eta irteeran 237 korrikalari izan ziren. Eguraldiari dagokionez, probaren amaieran hainbat korrikalarik aipatu dute gailurrean hotz handia egiten zuela. Meritu handia gailurrean zeuden ikusleena ere, bertan geldi egonda ere animoak ematea gauza handia delako.
Lasterketari erreparatuz, 12. edizio hau irabazteko faborito nagusiak lehen kilometroetatik jarri dira buruan. Gizonezkoetan Walter Becerra eta Imanol Goñik tartea zabaldu dute; Becerra aurretik joan da hasieran baina Goñik gutxira harrapatu du. Eta, esandako moduan, helmugara arte bertara arte batera egin dute proba guztia. Plazan zeuden gozamenerako, sprint ikusgarria egin dute bi azkarrenek.
Emakumezkoetan berriz, Oihana Kortazarrek ez du areriorik izan. Zegama-Aizkorri prestatzeko entrenamendu moduan hartu du elgetarrak lehen aldiz korritu duen Aloñako Igoera: "Banuen gogoa Aloñako Igoeran parte hartzeko. Zegama-Aizkorrira begira nire burua muturreko egoeretan probatzeko aukera izan dut; gailurrean sekulako hotza egiten zuen".