Goizean Bergaran egindako prentsaurrekoan eman ditu xehetasunak Aitor Rementeria taldeko kideak eta iazko denboraldiaren balorazioarekin hasi da.
Balorazio "ezin hobea” egin du, “bai emaitzengatik, eta baita, eta bereziki, taldean izandako kide kopuruagatik ere”. Horren harira, iaz 64 izan zirenla esan du eta aurten, 60 izango direla.
Kirol emaitza onak
Nabarmentzekoen artean, kirol emaitzak azpimarratu ditu, zehazki Antxintxikak irabazitako txapelketak: “Euskadiko zirkuituko txapelduna izan da Antxintxika, bai emakumezko zein gizonezkoetan, triatloi zein duatloian”. Bestalde, Euskadiko zirkuituaz gain, Espainian, Mexikon, Frantzian, Suitzan eta Katalunian ere ibili da 2015ean barrena Antxintxika Taldea; “Antxintxika eta Debagoienaren izena kontinente guztietan zabaltzen ari da azken urteetan”, esan du Rementeriak.
Antolatutako probak ere ondo
“Oso balorazio positiboa” egin du, era berean, Antxintxikak antolatutako bi ekintza nagusien gainean, hots, 2015ean dagoeneko 12. Antxintxika lasterketa izan dena eta iaz antolatzen hasi ziren eskolarteko gaztetxoendako triatloia.
Azken horri dagokionez, 85 neska-mutikok hartu zuten parte, baina aurten beste jauzi bat eman nahi izan dute eta Gipuzkoako txapelketa izango da: Bergaran jokatuko da, zirkuitu berarekin eta Gipuzkoa osoko infantil eta alebin mailetako gaztetxoendako izango da.
Antxintxika lasterketaren kasuan, balorazioa oso positiboa izan arren, parte-hartzaile kopuruan egondako "arazoa" ere aipatu du Rementeriak: “Gure esku ez dagoen gauza bat da. Beti nahi izan dugu izen-ematea ahalik eta jende kopuru handienari zabaldu, baina arazoa aurrekontu aldetik etorri da eta kalitatezko froga bat eskaini ahal izateko, izen-ematea itxi egin ehar izan genuen epea baino lehenago. 525 pertsonara mugatu behar izan genuen. Batetik, ona da ikusten dugulako jendeak erantzun egiten duela, baina bestetik, pena diru faltagatik guk nahi genuen 600 lagunetara ezin izan ginelako iritsi”.
Horren harira, aurten “esfortuz berezia” egin dela esan du 600 lagunetara iristeko helburuarekin.
"Baja garrantzitsuak"
2016 urteari begira, taldekideei dagokienez baja garrantzitsuak dituztela esan du eta “hor ere aurrekontuen gaia” dagoela. Dena den, azaldu du Antxintxika ez dagoela horri begira: “Antxintxikak oso argi dauka bere filosofia triatloia bultzatzea dela; hala, triatloia frogatu nahi duten bailarako neska-mutikoek badakite nora etorri, Antxintxikara, aurrekontuen beldurrik izateke”.
Eta zera gehitu du: “Jende oso ona joan da aurten taldetik beste ekipo indartsuago batzuk daudelako, gu baino baliabide gehiago dutenak. Hala ere, duatloi denboraldia bukatu berri da eta Antxintxika Gipuzkoako txapelduna izan da taldeka mutil zen nesken kategorietan. Beraz, nahiz eta horren aurrekontu handia izan ez, Antxintxikaren izena lehen postuetan agertzen da”. Hala, gaztetxoen triatloiari bultzada berezia eman nahi diotela ere azpimarratu du “hor dago-eta datozen urteetarako harrobia” eta horregatik jarraitu nahi dute datozen urteetan ere triatloi txikia antolatzen.
Babesleei eskerrak
Eskerrak eman nahi izan dizkie, era berean, datozen hiru urteetan Antxintxikari laguntzeko konpromisoa hartu duten hiru babesleei. Mono berria ere atera dute aurtengo denboraldirako hiru babesleon izenarekin. Babesle nagusia Bergarako Servimasa da –12 urteotan laguntzailea– eta Arrasateko Polmetasa eta Murtziako Mobel dira babesle berriak. Hiru babesle horiez gain, eskerrak eman nahi izan dizkie, baita ere, antolatzen dituzten ekintzetan laguntza ematen dieten bailarako enpresa eta denda guztiei.
Klubaren izena Antxintxika Debagoiena den moduan, aurrerantzean ekipoarena Antxintxika Servimasa izango da.