"Ikasketa arautuetan kontuan hartzen ez diren konpetentziak landuko dituzte gazteek 'Hazilan'-en"

Jon Berezibar 2016ko api. 5a, 07:00
Amaia Irizar.

Eskualdeko 20 eta 35 urte arteko langabe kualifikatuak konpetentzietan trebatu eta enpresetara gerturatzen lagundu gura die Mankomunitateko Garapen Agentziak Hazilan proiektuaren bitartez. Eguenean saio informatiboak egingo dituzte egoitzan: 10:00etan gazteentzako eta 12:00etan enpresentzako. Mankomunitateko teknikaria da Amaia Irizar.

Zeintzuk dira lana aurkitzerako orduan gazte kualifikatuek dituzten eragozpen nagusiak?

Gaur egun, enpresek eskatzen dituzte etengabeko aldaketetara egokitzeko, gatazkak kudeatzeko, presiopean lan egiteko, emozioak kudeatzeko edota taldearekin koordinatzeko gai diren profilak osatzea. Konpetentzia horiek ez dira kontuan hartzen, oro har, ikasketa arautuetan baina alderdi erabakigarriak dira. Gaitasun horiek lantzeko aukera emango die gazteei Hazilan proiektuak.

Indarguneak?

Horiek ere pertsona bakoitzaren araberakoak dira. Baina orokorrean, gazteak prestakuntza teknikoan ondo prestatuta daudela esango nuke, teknologia berriak ere ezagunak zaizkie, merkatuak eskatzen duenera egokitzeko gaitasuna ere badute. 

Zein da Debagoieneko gazte kualifikatu langabearen profila, ala zeintzuk dira ezaugarriak?

Lanbideko datuen arabera, 35 urtetik behera dituzten eta langabe dauden gazte kualifikatuak 300 inguru dira. Langabe daudenen artean Giza Zientziekin lotutako arloak gailentzen dira estatistiketan: administrazio edo enpresa arlokoak, hezkuntza arlokoak, eta zuzenbide, psikologia, gizarte arloko ikasketak. Dena dela, orain arte izena eman dutenen artean arlo desberdinetako ingeniariak dira gehienak.

Profil horietakoei dago zuzendua?

Goi mailako titulazio bat duten (Goi-mailako heziketa ziklo bat edo unibertsitate-ikasketak) eta dagokien alorrean esperientzia esanguratsurik ez duten 20-35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Debagoieneko herriren batean erroldatuta egon behar da.

Zergatik saiakera berezia gazte kualifikatuei begira?

Gazteen laneratzea Europa mailako lehentasun bat da, eta aipatu beharra dago, programa hau Europako Gizarte Funtsak % 50 kofinantzatzen duela eta bost urteko iraupena izango duela. Debagoienean, 2020a bitartean, 2 deialdi egongo dira urtero. Beraz, gutxi gorabehera 30 gazte kualifikatuk parte hartuko dute Hazilan proiektuan urtero.

Zer egingo dute gazteek Hazilan-en?

Hazilan-en helburu nagusia gazteei laneratzen laguntzea da eta, honako helburu zehatzak ditu:

  • Zeharkako konpetentzia sozio-profesionalak hobetzea eta ahalduntzea sustatzea, lan-munduan sartzea erraztuko duten tresnen bidez.
  • Pertsonen lan-aktibazioa enplegua bilatzeko ibilbide osoan.
  • Lanbide-trebakuntza hobetzea eta lanpostuari lotutako esperientzia eskuratzea, lan-mundua eta egindako prestakuntzaren lanbide-aukerak jakiteko.

Bi fase ditu Hazilan proiektuak. Aktibatu deituriko lehen fasean, lan merkatuak horrenbeste baloratzen dituen zeharkako konpetentziak landuko dira talde saioen bitartez. 15-17 gaztez osatutako talde bat eratuko da, eta 80 orduko tailer batean jardungo dute gaitasun pertsonal eta emozionalak, gaitasun profesionalak eta lan-bilaketa errazteko konpetentziak lantzen. Hori maiatzean zehar izango da.

Ondoren bigarren fase bat hasiko dute: praktikaldia enpresetan. Printzipioz lanpostu batean trebatuz praktikak egingo dituzte  enpresa barnean. Dena dela, enpresaren beharren arabera, proiektu konkretuak ere landu ahal izango dituzte.

Zein izango da lan-dinamika? 

Maiatzean zehar, Aktibatu tailerrean egongo dira gazteak. Tailer praktikoak izango dira, bizipenetatik abiatuta, eta ikasketa prozesu bezala planteatzen da. Talde bezala ere, lan egin beharko dute, modu autogestionatuan. Oso aberasgarria izango da fase hau eta honek prestatuko ditu gazteak enpresara beste jarrera eta indar batekin hurbiltzen.

Ze baliabide izango dituzte?

Hautatutako pertsonei prestakuntza emango diegu, gaitasunak hobetzeko, lanpostuaren premietan espezializatzeko, praktikak egiteko edo enpresaren proiektu batean parte hartzeko.

Enpresei ze aukera emango zaie Hazilanen?

Enpresei gazte kualifikatuen gaitasun profesionala ezagutzeko aukera emango zaie, beraien potentzialtasuna ezagutu eta esperientzia hartzeko aukera eman diezaieten. Enpresaren premiak identifikatuko ditugu, eta behar horietara egokitzen diren pertsonak hautatuko ditugu; enpresek 3 motatako ekintzak eskaini ahal izango dituzte: ohiko praktikak, lanpostu konkretu batean gaztea prestatzeko aukera edo proiektu zehatz bat garatzeko aukera.

Enpresentzako ere aurkezpen saio bat egingo da apirilak 7an, goizeko 12etan, Debagoieneko Mankomunitatean. Gure web orrian ere informazio guztia jaso ahal izango dute, eta baita enpresak daukan beharren arabera eskaera orria edo fitxa bete. Jadanik jaso ditugu hainbat eskaera. Enpresentzat, baliabide erakargarria da, ez du kosturik beraientzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak