Luiziak Aretxabaletan eta Arlabanen

Josu Bilbao 2016ko mar. 10a, 10:33

Euriteek hainbat arazo sortu dituzte beste behin ere Debagoienean. Aretxabaletan eta Arlabanen, adibidez, lur-­jausiak egon dira, eta arazoak eragin dituzte errepideetan. Ibaiak, gainera, gainezka egiteko zorian izan dira zenbait gunetan.

Arlabango errepideak itxita jarraitzen du, oraingoz, lur-­jausi baten ondorioz. Trafikoa AP­1 errepidetik desbideratzen ari dira, lurrak eragindako kalteak konpondu arte. Oraindik ez dira errepidetik lurra kentzeko lanak egiten hasi.

Luizia Arlabango errepidean

Aretxabaletatik Eskoriatzara doan bidegorrian lur­-jausia gertatu da gau partean. Bidegorria guztiz itxi du eta errepideraino iritsi dira zuhaitzak eta lurra. Handik ume eta gazte asko joaten dira Arizmendi ikastolako Almen gunera eta horregatik udaltzainak eta ertzainak lehen orduan agertu dira errepide bazterra egokitzeko oinezkoendako eta seguru pasatu ahal izateko.

Lur-jausia Aretxabaletatik Eskoriatzara doan bidegorrian.

Orain dela hiru urte, 2013ko otsailean ere, antzeko lur­-jausia gertatu zen oraingo lekutik metro gutxitara.

Elgetan ere, luizia izan da, BI 2632 errepideko 43. kilometroan, baina errepidea hasiera batean moztuta egon arren, jarraian trafikoarendako ireki dute berriz ere.

Elorregin, bestalde, 1,76 metrora heldu da goizean uraren maila, eta ibaia gainezka egiteko zorian izan da zenbait unetan. Azken asteko mailarik altuenera iritsi da, baina pixkanaka uraren maila jaisten ari da. Oñatiko Zubillaga auzoko bidegorria eta Elorregiko biribilguneko lur azpiko bidegorri itxita daude, uraren ondorioz. Oñati erreka eta Deba ibaia hasita doaz puntu horretan.

Elorregin, bidegorria urez bete da.

Urkuluko urtegian ere nabarmen egin du gora uraren mailak. Une honetan %95,5­eko betetze maila gainditu du. Azkeneko astean ia %15eko igoera izan du urtegiak, eta urtarriletik hona, ehuneko 30a baino gehiagoko gorakada izan du.

Urkuluko urtegiak %95eko betetze maila, gainditu du

Oñatin, gainera, Araotz auzoan dagoen presak gainezka egin du, eta ur emari handia erortzen ari presatik behera.

Araotzeko presa, gainezka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak