Horren ostean, lurralde desberdinetako ordezkariek euren egoeraren berri eman zuten, eta elkarte barruko sail bakoitzak bere egitekoen azalpena eskaini zuen.
2016rako asmoak
Hala, 2016 urterako egitasmoei heldu zieten jarrian. Besteak beste, Mintzola Fundazioak, ahozko tradizioa lantzen duenak, garatuko duen Europa bat-batean proiektua izan zuten mintzagai, Donostia 2016 kultur hiriburutzarekin elkarlanean aurrera eramango dutena. Munduan zehar eta batez ere Europan dauden hainbat kantu inprobisatu mota ezagutaraztea du helburu ekimenak. Horretarako, jardunaldiak, girotze saioak eta topaketak egingo dituzte urtean zehar, udazkenean Leonen eta Bartzelonan egin zuten moduan.
Europa bat-batean egitasmoaz gain, baina, beste hainbat ekimen ere aipatu zituzten Irizar jauregiko batzarrean: Bizkaian eta Lapurdi-Behe Nafarroa-Zuberoan gauzatuko diren txapelketak, bertso udalekuak eta era berean beste hainbat diziplinaren elkargune den Ahots Baten sormen egonaldia, edota Xenpelar Dokumentazio Zentroaren bilketa indartzeko eta euren egitekoa gizarteratzeko ekintzak.
2016ko egitasmo guztiak aho batez onartu zituzten atzoko bilkuran..