Ipintza institutuko irakasle Pello Lezertuak azaltzen duenez, Torresoroa "oso areto polita" da eta "horrek ere laguntzen du gogo handiagoarekin antzezten". Soinu aldetik ematen dituen baldintzak ere gustuko izan ditu Lezertuak. Izan ere, antzezlanaren barruan, abesteko eta dantzatzeko hiru abesti ere badaude. Antzezlana tren baten dago girotuta, Zumarraga-Bartzelona ibilbidea egiten duen Alvia baten, eta hiru abestiek zerikusia dute trenarekin; horietako bat Gatiburen Zumarragako trena da.
Ikusle aldetik ere gustura dira egileak. 100 bat lagun batu ziren Torresoroan.
Gazteak eta euskara
Pello Lezertuari institutuan, ikasleen artean, euskararen erabilera ikusita bururatu zitzaion Ayer gauean antzezlanerako ideia. Ikasleei horren gainean galdetu zien, eta haiengandik jasotako erantzunak erabili zituen antzezlana idazteko. Ondorioa ez da baikorra: "Konklusioa da gazteen artean kaleko hizkuntza ez dela euskara", dio Lezertuak.Antzezleen artean Antzuolako eta Bergarako gazteak daude. Datorren egubakoitzean, Bergarako Zabalotegi aretoan antzeztuko dute obra berbera.Horrez gain, Goiena Telebistako platoan ere egongo da Pello Lezertua, esperientzia horren gaineko nondik norakoak kontatzen.