Gai zerrenda irekitzeko, Iñaki Murua elkarteko presidentearen gidaritzapean, iazko urtearen errepasoa egingo dute, urteko memoria eta balantze ekonomikoak aurkeztuta.
Aurtengo asmoak
Iazko kontuak bazkideen aurrean aurkeztu ondoren, urte honetarako esku artean dituzten egitasmo nagusien berri emango dute. Hori horrela, herrialde bakoitzeko lehendakariak hitza hartuko du bakoitzaren egoeraren berri emateko.
Ondoren, Bertsozale Elkarteak 2016rako dituen asmoak sailez sail gainbegiratuko dituzte. Honako hauek dira gaur egun elkarteak batzen dituen sailak: Koordinazioa, Transmisioa, Sustapena, Lanku, Ikerkuntza, Xenpelar Dokumentazio Zentroa, Genero Taldea eta Komunikazioa. Gai zerrenda ixteko, zuzendaritza taldekoek aurtengo ekimenetarako duten aurrekontua aurkeztuko dute, eta segidan bazkideek bozketa egingo dute. Urteroko hitzordua bazkari batekin borobilduko dute.