Emakume erresistente eta errepresaliatuei omenaldia aurtengo Intxortako egunean

Maider Arregi 2016ko ots. 28a, 15:34

Apirilak 24, Elgetan, emakume erresistente eta errepresaliatuei omenaldia egingo zaie aurtengo Intxortako erresistentzia egunean. "Kolpe militar faxistaren aurkako borrokan erresistentziako kide izan ziren eta honen ondorengo diktaduraren aurkako erresistentzian parte hartu izanagatik errepresaliatuak izan ziren emakumeak omenduko ditugu", azpimarratu du Julia Monge Intxorta 1937ko kideak. Intxorta Kultur Elkarteak eta Elgetako Udalak elkarlanean antolatu dute Erresistentzia Eguna.

Esparru ezberdinetako emakumeak dira: "Emakumeen erresistentzia esparru ezberdinetan nolakoa izan zen irudikatzen saiatuko gara: milizianak, laguntzaile lanetan aritu zirenak, erretagoardian erizain lanetan ibili zirenak, lubakiak eraikitzeko lan egin zutenak, espetxeratuak, torturatuak, fusilatuak, frontean edo bonbardaketan hil eta zauritu zirenak, erbesteratuak, bortxatuak, kaskamotz utzitakoak...", azaldu du Julia Mongek.

Iñigo Arregiren artelana Egiaren iturria jasoko dute aurtengo omenduek. Debagoiendarren artean daude: Felisa Garai, elgetarra eta Trini Ruiz de Alegria, arrasatearra. Baina egun, hilda dauden emakumeak ere omenduko dituzte. Hauek debagoiendarrak: Isabel Berichinaga (Elgeta), Emeteri Aranburuzabala (Eskoriatza), Edurne Galarza (Oñati), eta Norberta Ezpeleta (Bergara).

'El Drogas'-en zuzenekoa gaur, zapatua

Bertan izan dira ere El Drogas eta (Des) memoria banda. Izan ere, gaur, zapatua, 21:30ean zuzenekoa eskainiko dute-eta Espaloian. El Drogas-ek, emakumea modu oso konkretuan eta sistematikoan izan zela errepresaliatua azaldu du: "Burua kaskamotz uzten zieten eta euren gorotzetan bainatu herritarren aurrean lotsatzeko eta errepublikanoak babesten zituzten bizilagunak beldurtzeko. Baita bortxaketak ere. Oso zaila da egun testigantza hauek entzutea. Zer esanik ez haurren lapurretak elizaren eskutik. Guzti honen aurrean egon den isiltasuna justifika ezina da; 80ko hamarkadako Y bailare sobre tu tumba abestiak ondo dioen bezala ez dago ezer okerragorik egin geniekeenik gure arbasoei".

Zuzenekoa Elgetako herritar talde batek, Udalarekin elkarlanean, antolatu du. (Udalak ordaindu ditu kostuak).

Memoria gaua

Apirilaren 23an 'Memoria gaua' ospatuko dute Espaloian. Perlak eta Gose taldeek zuzenekoa eskainiko dute. Perlak gainera, Intxorta 1937k eskatuta, propio egindako abestia estreinatuko du emakume errepresaliatuei eta erresistenteei omenaldia eginez.

Apirilaren 23an, baina, 18:00etan bisita gidatu egiteko aukera egongo da. "Elgeta gerra garaian".

19:30ean, Orkresta taldearen eskutik elektrotxaranga izango da Elgetako kaleetan barrena.

Memoria Eguna

Apirilaren 24an, Emakume erresistente eta errepresaliatuei omenaldia egingo zaie. Egitaraua:

  • 10:00 Gudari eta gonbidatuen hamarretakoa
  • 10:30 Gudari eta milizianoen igoera
  • 10:40 Lore eskaintza Salbadorreko monolitoan
  • 11:30 Errekreazioa Intxortako Atean
  • 12:00 Argazkiak atera eta lubakiak ikusteko aukera
  • 12:30 Martxa Elgetara
  • 13:00 Emakume erresistente eta errepresaliatuei omenaldia Herriko Plazan
  • 14:45 Bazkaria pilotalekuan. Egun osoan zehar Memoria Historikoko taldeen materiala azokan.

Erakusketa

Azken batailoia erakusketa ikusgai izango da Bilboko Batzar Nagusietan martxoaren 2an, 18:00etan. Mauro Saravia Bellesek azken 27 gudari eta milizianoei ateratako argazkiak dira. Tartean debagoiendarrak ere badaude. Apirilaren 2tik 24ra, Elgetan izango da ikusgai erakusketa hau.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak