Aretxabaletak irabazi du Mondraren aurkako derbia (2-1)

Josu Bilbao 2016ko ots. 13a, 19:14
Aretxabaleta-Mondra (2-1)

Lehenengo zatian 0-1  markagailuan aurretik jarri da Arrasateko taldea, baina bigarrenean emaitza iraultzea lortu du etxeko taldeak, hamar jokalarirekin gelditu arren. Lidergoa gehiago urrundu zaio Mondrari, eta Aretxabaletak garaipen garrantzitsua eskuratu du, aurreko bi jardunaldietan galdu ondoren.

Neurketako bederatzigarren minutuan aurreratu da Mondra markagailuan, Josu Diazek 0-1ekoa lortu baitu, bigarren zutoinean baloia sareetara bidali ondoren. Arrasateko taldeak kontrolpean izan du norgehiagoka 0-1ekoarekin, baina Aretxabaletak partida berdintzeko aukera argiak izan ditu, atsedenaldia heldu aurretik. Etxekoek ez dute asmatu, eta Mondra biagrren gola egiteko zorian izan da, 45. minutuan. Hala ere, Aretxabaletako atezainak sekulako gelditua egin du, baloia kornerrera bidaliz.

Bigarren zatian, gauzak erabat aldatu dira. Mondrak norgehiagokaren kontrola galdu du, eta Aretxabaletak ezustekoa ematea lortu du. Partidako 49. minutuan, epaileak etxekoen aldeko penaltia adierazi du, eta Bixen Meabek ez du hutsik egin hamaika metroetatik (1-1).

Hala ere, partida berriro aldapa gora jarri zaio Aretxabaletari, jarraian, hamar jokalarirekin gelditu delako, Mikel Alberdik bigarren txartel horia ikusi ostean. Mondra erasoan murgildu da, jokalari bat gehiagorekin, baina ez du erasoan asmatzerik izan. Izan ere, norgehiagoka Igor Altubek erabaki du, gol ikusgarri bati esker (2-1), bigarren zatiko 30. minutuan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak