Arrasate sarreran supermerkatu berria eraikitzeko asmoa, ate-joka

Ubane Madera 2016ko ots. 12a, 13:36

Arrasate sarreran, Zabaleta eremuan supermerkatua eraikitzeko egitasmoa ate-joka du Arrasateko Udalak. Izan ere, Arrasateko sarrerako esparruari –Bergaratik etorrita– dagokion Plan Berezia garatzeko eskaera du mahai gainean. Zabaleta eremuan lantegia duen Caldereria Epeleko ugazabak Goienari adierazi dio ez dagoela ados Txomintxuren egitasmoarekin. Eta informazio falta salatu du.

Cartonajes Esma pabiloiaren eta berorren lursailaren jabe den Txomintxu Promotoreak egin du eskaera. Bizkaiko promotore hori da 2007an esparru hartan merkataritza-gune handi bat sortzeko proiektua aurkeztu zuen promotore bera. Eta dagoeneko badihardu Zabaleta eremuko lursailean zundaketak egiten.

30.718 m2 dituen esparrua da Zabaleta, Egitamu Orokorrean jasotakoaren arabera. Bertan sartzen dira Ibai-Ondo etxea, Cartonajes Esma, Carrocerías Danona, Calderería Epele eta Zabaleta baserria.

Mercadona, oraingoz ez

Gune horretarako Plan Berezia Ino Galparsororen gobernua ezkero (2007-2011) dago zehaztuta. "Plan Berezi horretan esaten da Zabaleta eremuan ze jarduera jar daitekeen eta ze jarduera ezin daitekeen jarri. Eta momentu honetan Zabaletan jar daitekeen jarduera bakarra da komertzioarekin eta elikadurarekin zerikusia daukan jarduera", esplikatu du Maria Ubarretxena alkateak.

Gauzak horrela, eta Txomintxuk plan hori garatzeko baimena eskatu duela kontuan hartuta, argi dago bertan supermerkatua eraikitzeko asmoa dutela. Are gehiago, zentzu horretan, supermerkatu hori Mercadona izango dela ere entzun izan da. Nahiz eta Mercadonako ordezkariei galdetuta, haiek erantzun duten "gaur-gaurkoz" ez dutela horretarako asmorik. Adierazi dute Gipuzkoan hiru zentro zabalduko dituztela etorkizun hurbilean: Irunen, Oiartzunen eta Eibarren. "Baina Arrasaten, %100ean ez dugu zabalduko orain; hemendik urte batzuetara? Batek daki, baina orain ez", erantzun du Nahia Nebrak, Mercadonaren Euskadiko komunikazio arduradunak.

Bi urte, eraikitzen hasi orduko

Beraz, oraingoz, Mercadonak baztertu egin du Arrasate, baina ateak ez ditu erabat itxi. Eta era berean, Txomintxu Promotoreak eskatutako baimenak luze joko du. Arrasateko Udalari aurkeztutako proposamenak aurrera eginda ere, "hor zerbait eraikitzen hasi orduko bi urte pasatuko dira", azpimarratu du Ibon Arrupek, Arrasateko Hirigintza zinegotziak. Hark zehaztu du, gainera, Txomintxuk zundaketak egiteko baimena duen arren, oraingoz, han ezin dela "beste ezer egin".

Edozein modutan, Txomintxu promotorearen baimen eskaerak legea betetzen badu, Arrasateko Udalak ezin dio horren erraz ukatu esparrua garatzeko baimena. Maria Ubarretxena alkateak esplikatutako moduan, egin dezakeena da proposamenari baldintzak jarri: "Legalki pribatu batek esan diezaioke Udalari Plan Berezi hori garatu nahi duela, eta legalki eskubide guztia dauka horretarako (…) Udaletik baldintza batzuk jarriko dizkiogu plan horri, presentatu dituzten gauza askorekin ez gaudelako ados", esan du alkateak.

Besteak beste, Txomintxuk garatu gurako zukeen planak jasotzen dituen azpiegiturak dira esparruari berari zerbitzua emango diotenak: bidea, aparkalekuak eta biribilgune txiki bat. Eta esparru horretatik pasatuko litzateke eskualdeko bidegorriaren zati bat.

Hori bai, egitasmoak Caldereria Epeleri bere horretan mantentzeko aukera ematen dio, hari atxikitako eraikinak antolamenduarekin bat datozela jasota. Berdin gertatzen da Zabaleta baserriarekin eta Ibai Ondo etxearekin.

"Beharrezkoa ez"

Edozein modutan, Arrasateko alkateak azpimarratu du Arrasateko Udalean ez dutela begi onez ikusten udalerri kanpoko aldean supermerkatu berri bat eraikitzea "Momentu honetan ez dugu ikusten beharrezkoa denik edo Arrasatek behar duenik beste supermerkatu potolo bat edo horrelako beste ekimenik. Zergatik? Aurreko legealditik erabakita, Musakolara badatoz BM eta Lidl, Dia bat ere zabaldu zuten orain dela gutxi zentroan… eta apustua baldin bada herriko komertzioa indartzea eta komertzio lokala indartzea, Arrasateko Udaletik ez dugu positibo ikusten horra etortzea supermerkatu handi bat; eta guk hala jakinarazi diegu eurei"."

Debekatzea zaila

Mezu hori abiapuntu, bada, eta Galparsororen garaian egin zen moduan Zabaletan supermerkatu berririk eraikitzea debekatzea ahalbidetuko zukeen Egitamu Orokorraren balizko aldaketaren gainean galdetuta, Hirigintza zinegotziak esplikatu du hori egitea ez dela erraza: "Ezin da aldatu debekatzeko. Justifikatu egin behar da. Terreno horren ugazabak ditu eskubideak alegazioak sartzeko aldatzeko nahi horri. Ja ez gara Francoren denboran bizi. Esanez gero agertu direla aztarna erromatar batzuk… justifikazio objektiboa behar duzu plan bat aldatzeko. Legeak bermatzen du erabakia ez egotea tokatzen den politikariaren irudimenaren arabera. Adibidez, aurreko legealdian Bildu ahalegindu zen Lidl eta Super BM Joma zegoen tokian ez jartzeko Egitamu Orokorra aldatzen, baina, Jomako ugazabak sartu zituen alegazioekin, legalki ez zen posible izan eta ezin izan zuten egitasmoa aldatu", esplikatu du Ibon Arrupek.

Baimen barik

Bestalde, Txomintxu Promotoreak hanka okerrarekin hasi du harremana Arrasateko Udalarekin. Baimen barik sartu zituzten hondeatzeko makinak Esmaren esparrura, zundaketak egiteko. Inguruko auzotar baten salaketa jaso zuen Udalak horrengatik, eta espediente zigortzailea zabaldu diote enpresa promotoreari. "Espediente horri alegazioak aurkez diezazkioke enpresak; eta ondorioa da edo artxibatu egingo dela edo isuna jarriko zaiola. Halako kasuetan, isuna izaten da 500-5.000 euro bitartekoa", esplikatu du Hirigintza zinegotziak.

Bi urte barru ikusiko da

Kontuak kontu, hasi besterik ez da egin Arrasateko sarrerako esparrua garatzeko egitasmoa. "Lehen pausoa" besterik ez dute eman. Aurkeztutako proposamena GAOra bidali, jendaurrean jarri, alegazio epea zabaldu, ugazabei jakinarazi… hori guztia egin beharra dago beste ezer baino lehen. Hasi besterik ez da egin, eta 2007an Txomintxuren asmoak aurrera egin ez zuen bezala, bi urte barru ikusiko dugu zein den Zabaleta esparruaren erretratua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak