Amodiozko Gutunen Lehiaketa 2016: Gazte onenaren saria

Eneko Azkarate 2016ko ots. 12a, 10:00

Maria Osesek  jasoko du gazte saileko aurtengo saria (Arrasate, 2000). Ahizpari eskainitako gutuna da. 

Haizea maitea:

Badakit inoiz ez duzula eskutitz hau irakurri ahal izango, baina tira, gaueko bakardadeak zu gogorazten dit. Bai, akordatzen naiz zutaz oraindik, eta ez gutxi.

Gauak hotzagoak dira nire alboko ohetik ospitalekora joan behar izan zinenetik, eta are gehiago hangoa ere hutsik utzi zenuenetik. Bazkalorduan lau plater, lau edalontzi eta lau sardexka jartzen ditut batzuetan oraindik, eta hantxe uzten ditut, zu agertuko zaren esperantza faltsuaz. Goizak gogorragoak dira zure “egun on!” alai horiek esnatzen ez banaute. Badaude gure  larunbat goizeko karaoke alaiak gogora ekartzen dizkidaten abestiak, baina tristeak dira zu ez bazaude. Afariak ez dira hain entretenigarriak zure abentura zentzugabeak kontatzen ez badituzu; zure txiste xelebre horiek mahaikide guztiei eguneko estresa eta arazoak ahantzarazten dizkien irribarretxo hori eragiten ez badizkie.

Asko botatzen zaitut faltan; ikaragarri. Inor faltan bota ez dudan bezalaxe botatzen zaitut faltan. Anai-arrebak betirako zirela pentsatzen nuen … inozoa ni. Uste nuen liskarrak edukitzeko, borroka pare baten ostean besarkada batez dena konpontzeko hortxe izango zinela beti; nagusiago izatean nire seme-alaben izeba izan zintezen, eta baita ni  zureena ere. Gabonetan eztabaidatzeko zeinen oparia zen politagoa, eta beti erdi jeloskor egoteko, nahiz eta benetan inor baino harroago egon "nire ahizpa da" esan ahal izateaz.

Barkamena eskatu nahi nizun. Agian ez nizun behar beste erakutsi oso harro nagoela zutaz. Agian ez nizun behar beste aldiz esan maite zaitudala. Baina maite zaitut, txiki. Asko maite zaitut. Badakit beranduegi dela hau esateko, baina tira. Mundua erori zitzaidan gainera aitak gertatu zitzaizuna esateko deitu zidanean. Ezinezkoa iruditzen zitzaidan, surrealista. Hartu ahal izan nuen lehen hegazkina hartu, eta zure albora egin nuen korrika, zure aurka egiten nituen lasterketetan baino are azkarrago. Beti bezala, irribarre batekin eman zenidan ongietorria. Eskutik oratu, eta inoiz ez askatzea erabaki nuen; sekula. Zu izan zinen nire eskua askatu behar izan zuena, ordea.

Jakizu inork ezingo duela nire barnean utzi zenuen hutsunea bete. Izan zaitez ziur nire bihotzaren zatitxo bat zuretzako dudala erreserbatuta, eta zeurea dela soil-soilik. Nire soinu gustukoena zure barre algarena dela, beti gogoratuko dudana; nire kolore gustukoena zure begiek zuten berde bizi hori, edozein berri on emandakoan distira egiten zuena; nire usain gustukoena igande arratsaldeetan ilusio osoz egiten zenituen bizkotxoena, etxe osoan zehar zabaltzen zen usain horixe.

Urbasako amildegiaren ertzean nago eserita, txiki. Gure leku kuttunean, bai; baina ez da gauza bera zu gabe. Lau haizetara egin dut oihu maite zaitudala, ikaragarri maite zaitudala, gogoan zaitudala. Amildegiaren paretek erantzun didate haiek ere maite nautela, eta momentu batez pentsatu dut zu izan zarela, ni ere maite nauzula esanez. Denboratxo bat eman dut horrela, zure ahotsa beste behin entzuten nuela imajinatuz.

Eta paperean idatzitako gutun hau hegan doa, hego haizearen epelean kulunkatuz, ezerezean murgilduz, zure ahotsak alde batetik bestera gidatzen duen bitartean.

Maite zaitut, txiki! Asko maite zaitut!

Zure ahizpa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak