18 milioi euroko isuna eskoletako zortzi catering enpresari, prezioak adosteagatik

Amaia Txintxurreta Guridi 2016ko ots. 10a, 18:11

Zigorra jarri dien Lehiaren Euskal Agintaritzaren arabera, gutxienez hamar urtez prezioak adostu zituzten zortzi catering enpresa horiek. Horien artean daude Mondragon Korporazioko Ausolanen hiru enpresa eta 7 milioi eurotik gorako isuna ezarri diete horiei. Ausolanek ohar bidez jakinarazi du eurek inoiz ez dutela egin lehiaren kontrakozat jo daitekeen ekintzarik eta iragarri dute errekurritu egingo dutela.

Lehiaren Euskal Agintaritzak 18 milioi euroko isuna ezarri die Euskal Autonomia Erkidegoko eskola publikoetan jantoki zerbitzua emateko kontratua izan duten zortzi enpresari, prezioak adosteagatik. Lehiaren Euskal Agintaritzak inoiz ezarritako isunik altuena da.

Isuna jaso duten enpresen artean dago Mondragon Korporazioaren Ausolan; Auzo Lagun, Cocina Central Goñi eta Cocina Central Maguiren jabe dena. Eta beste hauek ere jaso dute isuna: Eurest Colectividades-ek, Eurest Euskadik, Tamar Las Arenas-ek, Gastronomia Cantabrica-k eta Gastronomia Vasca-k.

Enpresen negozio-bolumenen %3tik 7ra bitarteko isunak ezarri dira enpresa guztietan. Horretarako kontuan hartu dituzte, besteak beste, enpresa bakoitzaren negozio-bolumena; nolako parte-hartzea izan duen bakoitzak arau-haustean; eta kontratu horiek duten pisua enpresen fakturazio osoan. Ausolanen kasuan, zigorra 7.400.000 eurokoa da.

Lehia Agintaritzak frogatutzat jo du 2014ra arte hamar urtez enpresok ez zirela euren artean lehiatu eta eskaintza adostu zutela, eta, horrela lortu zutela zerbitzua ematea bermatzea eta prezioa igotzea. Agintaritzaren arabera urraketa oso larria da hori. Indarrean dagoen ikasturtean, kontratazio sistema aldatu du Eusko Jaurlaritzak eta lehiaren zabaltze horrek soilik, zazpi milioi euro aurreztea ahalbidetu duela esan du Lehiaren Euskal Agintaritzak.

Ausolanen oharra

Auzo Lagun, Cocina Central Goñi eta Cocina Central Maguiren jabe den Ausolanek, ohar baten bitartez jakinarazi du, inoiz ez duela egin lehiaren kontrakozat jo daitekeen ekintzarik, bere 47 urte baino gehiagoko ibilbidean. Azaldu du baita ere egiaztatu gabeko informazioan oinarritutako ebazpena izan dela; testuingurutik kanpo erabilitako hainbat datutan oinarrituta landu delako ebazpen hori, euren ustetan. Eta horregatik guztiagatik, Ausolanek iragarri du errekurritu egingo duela dagokion organo jurisdikzionalaren aurrean. Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek azaldu du, bestetik, gertatutakoa larria dela, baina baieztatu du familiak ez direla ekonomikoki kaltetuak izan ordaintzen zituzten kuotak finkoak zirelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak