Debagoieneko herrietatik espetxeetara martxak egingo dituzte hilaren 20an

Maite Txintxurreta 2016ko ots. 2a, 11:40

Debagoieneko ezker abertzaleak espetxeetara martxak antolatu ditu otsailaren 20rako. Azaroan hasi zuten Abian izeneko gogoeta prozesuaren baitan kokatzen da ekimen hau; hain zuzen, prozesuko bigarren fasea hasiko dute orain, eta ahalik eta ekarpen gehien lortzea dute helburu, tartean presoenak ere.

Pasa den azaroaren zazpian ekin zioten ezker abertzalean Abian gogoeta prozesuari. Entzute eta harreman fasea amaitutzat eman dute, eta orain bigarrenari ekingo diote, eztabaida faseari.

Lehen fase honetan jasotakoarekin txosten bat egin dute, aste honen bukaeran eskuragarri izango dena. Txosten hori bera izango dute oinarri bigarren fasean zehar. Hala, fase horri ekiteko, otsailaren 27an hasi eta apirilera bitartean, Debagoieneko herri guztietan hiru batzar egingo dituzte. Euren burua ezker abertzalekotzat duten guztiei parte hartzera dei egin diete, elkarrekin gogoeta egin eta Euskal Herria askatasunera eramango duen bidea adosteko, atzo Arrasateko Kulturaten egindako prentsaurrekoan azaldu zutenez. Gogoeta horretan Debagoieneko hamazazpi preso politikoek ere parte hartzea nahi dutela nabarmendu zuten.

Hori dela eta, eztabaida fasea hasi aurretik, otsailaren 20an, eguaztena, Espainia eta Portugaleko espetxeetara martxan egingo dituzte. Frantses estatuaren kasuan ere ekimenen bat aurrera eramango dute, baina oraindik ez dute zehaztu.

Autobusak

Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagatik Jaengo espetxera joango dira. Antzuolatik eta Elgetatik, berriz, Herrerara, Aramaioarrak eta Oñatiarrak Topasera, Salamancara joango dira, eta azkenik, Bergaratik Algeciraseko espetxera. Bonoak hamar eurotan jarriko dituzte salgai, eta orduak, ibilbidea eta izena emateko modua aurrerago zehaztuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak