William Douglassez gain, unibertsitate desberdinetako ikerlariek eta diasporako ordezkariek hartu dute parte. Marcelino Irianni argentinarrak internet bidez hartu zuen parte gaurko jardunaldian. Goizeko lehen orduan aurkezpena egin dute, eta horren ostean EHUko ikerlariak, Jon Ander Ramos, Amaia Iraizoz eta Edurne Arostegi, haien lanetaz aritu dira.
Monika Madinabeitiak, gaurko jardunaldiaren koordinatzaileak, azaldu du jardunaldiaren helburua Amerikanuak liburua "gizarteratzea" eta euskal diasporari buruz gehiago ikastea izan dela.
Hamaikak eta erdietan, berriz, William Douglassi elkarrizketa egin diote Oscar Alvarezek eta Miel Anjel Elustondok. Azken hori Douglassi buruzko Mister Basque liburuaren autorea da. Elkarrekin igarotako garaiak gogora ekarri eta Euskaldunen migrazioetaz aritu dira hirurak.
Mugarri izan den liburua
Douglassen “Amerikanuak” liburuak berrogei urte bete ditu aurten, eta honezkero mugarri da diasporari buruzko lanen baitan. Antropologo estatubatuarra emigrazioei buruzko tesi doktorea egitera etorri zen lehen aldiz Euskal Herrira eta, azaldu duenez, ia kasualitatez hasi zen Euskal diasporari buruz ikertzen. Orain, berriz, gaian aditua da, eta Jon Bilbaorekin batera idatzi zuen “Amerikanuak” lana mugarri bihurtu da diasporari buruzko lanen artean. 1975ean argitaratu zuten liburua. Ordutik hona Estatubatuetan, eta bereziki Douglassen estatuan, Nevadan, asko aldatu da euskal gizartea. Hark azaldu duenez, jada pasatu zen euskal artzainen aroa Estatu batuetan, eta gaur egun oso gutxi gelditzen dira.
Douglassi egindako elkarrizketaren ostean, beste bertso-elkarrizketa batekin bukatu dute Huheziren Aretxabaletako kanpusean gaurko saioa.