Elikagaien Bankuak asteburuan 575 tona jasotzea espero du

Amaia Txintxurreta Guridi 2015ko aza. 24a, 13:38

Egubakoitz eta zapatuan egingo da bilketa Gipuzkoako 72 establezimendutan eta 1.400 boluntario ibiliko dira lanean. Aurten, laguntzeko modu berri bat ere jarriko dute Eroskiko establezimenduetan, bono batzuen bitartez. Gipuzkoako Ostalarien Elkarteak, bestetik, bilketarako erabiliko diren furgoneta eta kamioiendako gasolina ordaintzeko dirua emango dio Elikagaien Bankuari.

Hirugarren urtez, janari bilketa orokorra egingo du asteburuan Gipuzkoako Elikagaien Bankuak. Aurten espero dute Gipuzkoa guztian 575 tona elikagai jasotzea, urte guztirako janaria izan dezaten.

Gure inguruan, Debagoiena, Debabarrena, Urola eta Goierri aldean, iaz, esaterako, 190.000 kilo jaso zituzten eta aurten ere kopuru hori lortuz gero, pozik egongo direla esan du Bergarako Elikagaien Bankuko arduradun Jose Antonio Agirrebeñak.

Bilketa puntuak

Bilketa puntu guztietan orri baten zehaztuko da zein elikagai behar diren; esnea, gailetak, kakaoa edota umeendako pure potetxoak jasoko dituzte, besteak beste.

Aurten, gainera, laguntzeko modu berri bat ere jarriko dute Eroskiko establezimenduetan; bono batzuk egongo dira. Modu horretara, generoa apaletan geldituko da eta elikagai horiek bankuan dituzten beharren arabera hartzen joan ahal izango dira urtean zehar.

Laguntzaile berezia: Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea

Laguntzaile berezi bat izaten du urtero Elikagaien Bankuak bilketa orokorrerako eta aurten Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea izango da. Hainbat ekintza egiten ari dira; esaterako, egueneko pintxo-potean batzen den diruaren zati bat edota ordutegi zehatz batzuetan jasotako kafetako dirua, gasolina ordaintzeko erabiliko dute. Izan ere, Elikagaien Bankukoek asteburuko bilketarako furgoneta eta kamioi asko erabiliko dituzte, eta asmoa da gasolinarako 6.000 euro jasotzea.

Debagoieneko ostalariak ere hasi dira laguntzeko ekintzak egiten, Bergarako Lasa edota Oñatiko Zelai Zabal jatetxetan, adibidez. Zelai Zabaleko arduradun Alberto Elorzak esan du etxeko plater bateko euro bat horretarako gordetzen ari direla.

Eskerrak laguntzeagatik

Agirrebeñak aurrez eskerrak eman nahi izan dizkie bilketan lagunduko duten guztiei, bai ostalariei eta baita herritarrei ere, eta aprobetxatu du esateko, astebukaeran jasotako guztia sailkatu eta bere tokian utzi behar dela gero; beti izan dutela inguruko herrietakoen laguntza lan horretarako, baina oraingoan ere ez daitezela ahaztu eta astelehenetik aurrera boluntarioak anima daitezela Bergarako biltegira joaten elikagaiak sailkatzen laguntzera. Izan ere, Bergarako biltegitik, hilean 4.000 pertsonari ematen zaie laguntza; 3.700 nagusiri eta 3 urtetik beherako ia 300 umeri, eta horiek ere eskertuko dute guztion laguntza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak