"Desberdina, polita, jendea aho zabalik utziko duena" izango da Kilometroak 2016ko hasiera ekitaldia

Ubane Madera 2015ko aza. 3a, 13:45

"Bi eratako helburuak" iragarriz aurkeztu dute Bergaran egubakoitzean egingo den Kilometroak 2016 jaiaren hasierako ekitaldia. Helburu soziala: ikastolek duten ahalmena nabarmentzea (mundialak, anitzak eta kooperatiboak). Eta helburu ekonomikoa: eraikin bakarrera pasatzearen obrak egiteko eskatutako "maileguak ordaintzen laguntzeko". Hasierako ekitaldirako sarrerak ikastolan bertan zein Bergarako kultura etxean eskura daitezke, doan.

Barikuko hasierako ekitaldia 19:00etan izango da, Aranzadi ikastolaren patioan eguraldi ona bada, eta pilotalekuan, berriz, eguraldiak lagundu ezean. "Aranzadi ikastolaren berezitasun bat bada abangoardia, berrikuntza, kutsu modernoa, Bergararen estilora moldatze dena eta horrelakoa da arropa, leloa eta logoa aurkezteko prestatu duen ekitaldia ere. Desberdina, polita, jendea aho zabalik utziko duena"; halaxe aurkeztu du ekitaldia Mikel Egibarrek KMK 16ko lurraldeko koordinatzaileak Donostian, Ikastolen Etxean egin duten prentsaurrekoan.

Hark iragarri du, baita ere, egun berean erakutsiko dutela KMK 16aren bueltan salgai jarriko duten arropa, nahiz eta denda ofiziala astelehenean zabalduko duten, Bergarako Bidekurutzeta kalean.

"Laster 200 bat"

"Buru-belarri" dabiltza KMK 16 prestatzen, Ekaitz Aranberrik, KMK 16ko herriko koordinatzaileak azpimarratu duen moduan: "Ekainean 15 lagun ginen honetan genbiltzanak, uztailean 30, momentu honetan 100 pertsona inguru gabiltza eta laster batean 200 bat aritu gara, prebentzioa, zirkuitua, trafikoa… gehitzen direnean. Poliki-poliki herri eragileak integratzen doazen neurrira, bola gero eta handiagoa izango da, bolatxo desberdinez osatutako bola handi bat eta urrirako 2.000 lagun izango ditugu lanean eta 80.000-100.000 gipuzkoar Bergaraz gozatzen".

Bestalde, KMK 16 jaiarekin "bi eratako helburuak" lortu gura ditu Aranzadi ikastolak: helburu sozialak eta ekonomikoak, Agurne Barrusok, Aranzadi Ikastolako zuzendariak esplikatutakoaren arabera. "Herriarekin, eskualde osoarekin eta Gipuzkoarekin gizarteari erakustea Ikastolen Elkartea mundiala dela, Aranzadi ikastola mundiala dela. Izan ere, bertan parte hartzen duen jendea mundiala da".

Helburu soziala

Hori esateaz bat, Barrusok ikastolen "ahalmenak" balioan jarri ditu: aniztasuna eta izaera kooperatiboa. "Aranzadi ikastolan 712 ikasle desberdin daude; desberdin fisikoki, desberdin adimenari dagokionean ere: batzuk adimen komunikatiboa dute garatuago; beste batzuk, musikala, edo matematikoa, edo motriza… Hor dago gure potentziala. Gurasoak, familiak ere modu askotakoak ditugu: handiak, txikiak, familia eredu desberdinak…. Hemengoak, kanpotik etorriak, euskaldunak, erdaldunak, gazteak, nagusiagoak… eta horiek guztiak elkartuta egiten dute ikastola anitza. Baina, aniztasun horrek ez du erakunde bat, herri bat, ikastola bat mundiala, sekulakoa, bikaina egiten, kideen arteko kooperaziorik ez badago, parte hartzerik ez badago, elkarreraginik ez badago… eta hori da, hain zuzen ere, Aranzadi ikastolaren erronka nagusia 2016ko KMKrako: urte honetan zehar eta jaian bertan adimen, adin, pentsaera, sentimendu, joera, jatorri, hizkuntza, gaitasun desberdin horiek guztiak batzea eta elkarrekin lanean jartzea kilometroen, euskararen eta ikastolen mesedetan". 

Helburu ekonomikoa

Bigarren helburuari dagokionez, berriz, bi eraikin izatetik bat izatera pasatzeko 2010ean egindako obra "ordaintzen laguntzeko" dirua batu gura dute urriaren 2ko jaiaren bitartez.

Eta hori guztia egingo du Aranzadi ikastolak urte oso esanguratsu baten: Kilometroak jaia Bergaran lehen aldiz egin zeneko 25. urteurrenean eta ikastolaren beraren 45. urteurrenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak