Marc Hurtado eta Nere Arregi onenak Arrasate-Oñati lasterketan

Julen Iriondo 2015ko urr. 10a, 22:49
Marc Hurtado helmugara sartzen.

Martin Fizek eta Yeray Varelak osatu dute podiuma mutiletan, eta Nerea Baenak eta Estela Biainek nesketan. Patinatzaileen lasterketan, Enrique Leiva gasteiztarra eta Nagore Montes donostiarra nagusitu dira. Ia 400 lagunek hartu dute parte, horietatik 100ek patinetan.

Patinatzaileak atera dira aurrena Arrasateko Garibai etorbidetik. Bost minutura, berriz, korrikalariak. Giro beroarekin egin behar izan dute korrika. Ibilbidearen zati handi bat, azken edizioetan ohi bezala, bidegorritik izan da.

Patinatzaileak izan dira Oñatiko plazara iristen aurrenekoak. Enrique Leiva gasteiztarra eta Nicolas Alonso donostiarra elkarrekin sartu dira helmugan, 23:02 eginda. Raul Camara tuterarra izan da hirugarrena. Lehenengo oñatiarra Egoitz Atxaga izan da, 17., eta lehen arrasatearra Asier Uribeetxebarria, 18.; hauek ere izan dute saria. Lehen debagoiendarra, dena den, podiumaren ateetan geratu da: Mikel Roldan aretxabaletarrak laugarren egin du, hirugarrenarengandik segundo bakarrera.

Nesketan estua izan da amaiera. Nagore Montes donostiarra, Idurre Betelu donostiarra, Amale Mujika pasaitarra eta Isa Martin tuterarra 8 segundoren barruan sartu dira, hurrenkera horretan. 24:54 denbora egin du irabazleak. Ainhoa Guridi izan da lehen oñatiarra, 10., eta Uxue Gonzalez lehen arrasatearra, 21. postuan; aurretik, lehen debagoiendarra Lorea Juldain bergararra izan da, 5. sailkatuta. 

Korrika, bazen ikusmin berezia gaur, orain arte Arrasate-Oñati inoiz egin gabeko atleta handiak ziren-eta parte-hartzaileen artean. Ikusteke nor nagusituko zen Marc Hurtado eta Martin Fiz gasteiztarren arteko lehian, eta baita debagoiendarren bat haiei eusteko gai izango ote zen ere. 

Yeray Varelak osatu du podiuma, arabarren ondoan. Oñatiarrak pare bat kilometro falta arte joan ahal izan du Hurtadorekin eta Fizekin. Bi horiek iritsi dira plazara aurrena: Martin Fizek helmugara iritsi aurretik lasterketa amaitua zela pentsa eta, despiste horregatik edo bestela, bigarren postuarekin konformatu behar izan du, Hurtadorengandik 4 segundora. Irabazleak 38:55 egin du. 32 segundora sartu da Varela. Oñatiarrei dagokienez, Ritxar Fernandez (6.) eta Xabier Luis (10.) ere lehen hamarretan sailkatu dira. Eta bien tartean, lehen arrasatearra, Endika Donnay, 8. postuan.

Nesketan, iazko garaipena arazo barik errepikatu du Nere Arregik. Arrasatearrak 45:15 denbora egin du. Sei minutu geroago, bigarren posturako egon da lehia, bi debagoiendarren artean. Ia lasterketa amaierara arte Estela Biain oñatiarra joan da aurretik, baina Nerea Baena arrasatearra nagusitu egin zaio azkenean. 11 segundoko aldea egon da azkenean bien artean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak