Bergararrek harrera beroa egin diote Emakumeen Mundu Martxari

Maite Txintxurreta 2015ko urr. 2a, 18:15

Emakumeen Mundu Martxa Bergarara iritsi denerako, jende asko zen Ipintza institutu aurrealdean zain. Martxako partaideei harrera egiteko, pankartak, bandera moreak eta trikiti doinuak zituzten prest, eta emakume karabana paretik pasatzean, martxara batu dira herritarrak ere.

Herrira sartu ondoren, pixkanaka gero eta jende gehiago batu da martxara SanMartin plazara iritsi aurretik, eta udaletxe parera iristean plaza bete dute. Martxa Euskal Herrira iritsi zenetik furgonetan eta antolaketa lanetan ibili direnen esanetan, inon baino jende gehiago topatu dute gaur Bergaran, eta herritarrei eskertu egin nahi izan diete hori plazan egindako ekitaldian.

Plazako ekitaldia

Ekitaldi horretan, gaurko eguna antolatzen aritu diren Deba Ibarreko asanbladako hainbat kidek hartu dute hitza. Herriko hainbat elkarte, ikastetxe eta kolektibotako ordezkariak ere izan dira oholtza gainean, eta guztien artean martxaren aldarrikapenak azaldu dituzte.

Azpimarratu dute, batetik, belaunaldien arteko erreleboaren garrantzia, eta hori irudikatzeko hazien landaketaren errituala burutu dute. Ekintza honen bitartez, adierazi nahi izan dute, aurtengo martxa hau ez dela ekintza isolatua izan, eta mugimendu feministak aurrerantzean ere fruituak ematen jarraituko duela.

Arreta berezia eskaini diote elikadura subirautzaren aldarrikapenari ere; izan ere, azaldu dute munduan barrena nekazaritzan lan egiten duten pertsona gehienak emakumeak direla, baina baita gosea gehien pairatzen dutenak ere. Horrekin lotuta, 14:30ean Seminarioko arkupetan egindako bazkaria prestatzeko bertako baserritarren produktuak erabili dituzte. 110 pertsona batu dira bazkarian.

Bazkalostean, dantzekin esan diote agur karabana feministari Bergaran bildutako guztiek. Bihar, urriak 3, helduko da martxa Bilbora, eta bertan emango diete amaiera Euskal Herriko etapari.

Erlazionatuak

Emakumeen mundu martxa Bergaran

Maite Txintxurreta 2015 urr 02 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak