Markel Olano: "Herrietara joanda gertuagotik ezagutuko dugu bertako errealitatea"

Xabier Urtzelai 2015ko urr. 2a, 14:24

Markel Olano Ahaldun Nagusia Bergaran izan da gaur. Foru Aldundia lurraldera gerturatzea eta, bereziki, herrietako agintari, herri ordezkari, eta enpresa, erakunde edo taldeetako ordezkariekin batzartzea da helburua. Haien kezkak, premiak…, bertatik bertara ezagutu, eta ahal den neurrian eskaerei bide ematea da nahia. Ordubetez batzartu dira Markel Olano Ahaldun Nagusia eta Ainhoa Aizpuru Sustapen Ekonomikoko diputatua Bergarako alkate Juanje Alberdirekin.

Ahaldun Nagusiaren asmoa da hamabostean behin Gipuzkoako herri batera gerturatzea, eta bertako ordezkariekin herrian dituzten proiektuen berri jasotzea: "Ekimena ez da berria, aurreko legegintzaldian jarri genuen abian. Izan ere, maila bateko politikariok joera izaten dugu jendea gure bulegoan hartzeko; baina hori ez da ona, neurri batean jendeak, eta kasu honetan alkateek urrun zauden pertsona moduan hartzen zaituztetelako. Horregatik, gurago izaten dugu herrietara joatea, eta ez bakarrik politikarion arteko batzarrak egiteko, baita ere herritarren pultsua hartzeko ere", adierazi dio GOIENAri. 

Bergarako alkate Juanje Alberdik positibotzat jo du ekimena: "Gainera, Ekonomia Sustapen Ainhoa Aizpururekin batera etorri da, eta proiektu konkretuen gainean berba egin ahal izan dugu".

Besteak beste, Mizpirualde Zaharren egoitzaren gainean egin dute berba, enpresen eta komertzioen egoeraren gainean, eta azpiegituretan egin beharreko inbertsioen gainean jardun dute. Arratsaldean, berriz, hainbat enpresa bisitatu dituzte. 

Hain justu ere, tratamendu termikoen arloan diharduen TTT enpresaren eguneroko lana ikusi dute Markel Olanok eta Ainhoa Aizpuruk. Berrikuntzaren arloan eredu bat da enpresa bergararra, industria aeronautikoaren baldintza zorrotzetara egokitzen jakin duelako. Bertan izandako bileran, Gipuzkoako industria sarea bultzatzeko neurri konkretuen inguruan mintzatu dira. Bestalde, Enpresare elkarteko –Antzuola, Bergara eta Elgetako enpresak nahiz Debagoienako Mankomunikateak batzen ditu– ordezkariekin ere lansaioa egin dute, Ekonomia Sustapenean sakontzeko bideak aztertu asmoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak