Gaur, irailak 9, Arantzazuko Amaren eguna da, egun handia fededunendako. Jende ugari izan da Arantzazun: herritarrak eta baita ordezkari politikoak ere.
Ordezkari politikoak
Meza nagusiaren aurretik elkartu dira Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapia, Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Heredia, Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria, Batzar Nagusietako presidente Eider Mendoza eta Oñatiko alkate Mikel Biain. Horien ostean iritsi da Gipuzkoako Diputatu Nagusia den Markel Olano.
Ordurako santutegiaren kanpoko aldean zeuden baita ere hainbat diputatu eta Oñatiko zinegotziak.
Aurreskua dantzatu diete eta horren ostean meza entzutera sartu dira. EH Bilduren Oñatiko udal ordezkariak kanpoan geratu dira.
Errefuxiatuak gogoan
Meza nagusia jendez bete da eta Donostiako gotzain Jose Inazio Munillak esan du meza. Siriako eta Irakeko errefuxiatuak izan ditu gogoan. Azaldu du ebanjelioak dioen bezala, gu ere "bidea galduta eta nahastuta" aurkitzen garela artzainik gabeko ardiak bezala. Gaineratu du harrera ekimena jarri nahi dutela abian Donostiako Elizbarrutian.
Ordu eta laurden inguru iraun du mezak.
Presoen aldekoak
Santutegiaren kanpoko aldean izan dira baita ere urtero bezala, presoen aldeko aldarria egiten hainbat lagun. Ertzaintzak zeuden tokitik apur bat mugitzeko eskatu die eta Oñatiko alkate Mikel Biainek "lotsagarritzat eta lotsagabetzat" jo du Ertzaintzak senideekiko agertu duen jarrera.