Jose Luis Elkoro erabateko askatasunean geratuko da irailaren 3an

Julen Iriondo 2015ko uzt. 27a, 08:05

Jose Luis Elkorori egindako ongietorria, 2010eko urrian.

Horrela eman du jakitera Mugituko Da plataformak. Ekimenetik adierazi dute abokatuek lortu dutela 1998ko espetxealdiko hemezortzi hilabeteak aintzat har diezazkioten –Epaitegi Konstituzionalak ebatzi zuen bera eta berarekin batera espetxeratuta zeuden Herri Batasuneko politikariak errugabeak zirela, eta libre utzi zituzten–. Elkororen behin betiko askatasunaren atarian, Mugituko Da ekimenak bilera deitu du martitzenerako, hilak 28 –18:00etan Santa Anako parkean–, "plataforman parte hartu zuen jende guztiari eskertza egin eta ospakizuna prestatzeko".

Zabaldutako prentsa oharrean horrela azaldu du Mugituko Da plataformak Jose Luis Elkororen egoera eta egoera horren aurrean herri ekimenak bete nahi izan duen funtzioa: "Mugituko Da herri plataforma sortu zen Jose Luis Elkororen kartzela-aldiak suposatu zuen injustiziaren aurrean urrats bateratuak eman eta, horrela, kartzela-aldiaren gogortasuna arintzeko. Egindako lanari esker, helburua lortu zen eta Jose Luis etxera ekartzea lortu genuen. Orain, Jose Luis Elkoro bere etxean betetzen ari da jarri zioten zigorra. Eskuineko hankan pultsera bat du prezintatuta, eta horren bidez kontrolatzen dute etxean egon behar duen denbora; egunero hemeretzi ordu egon behar da etxean, 13:00etatik 08:00etara. Debekatu diote helbideratuta dagoen herritik irtetea, eta astero joan behar da Martutenera orri bat sinatzera".


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak