Musika izan da protagonista, gaur eguerdian, Antzuolan. Jaietan murgilduta daude eta arratsaldean egingo dute ekitaldi nagusia, Mairuaren Alardea. Aurretik, Bergarako udal musika bandak kalejira eta kontzertua egin ditu. Urteroko hitzordua da, eta aurtengoan ere entzule kopuru polita izan dute Zurrategin.
Alfredo Gonzalez Chirlaque zuzendariaren gidaritzapean doinu ezagun ugari eskaini dituzte. Antzuolan oso gustuko dituzte pasodobleak eta Nerva pasodoblearekin zabaldu dute kontzertua bergararrek. Western kutsuko pieza bat etorri da jarraian, baita ere euskal kutsuko Los Euskaros obra.
Antzuolarrek alarde eguna dutela kontuan hartuta pieza berria eskaini die Bergarako bandak; Lawrence de Arabia. Harrera beroa izan du entzuleen artean. Amaitzeko, eta urtero moduan Antzuolako doinuak eskaini ditu udal musika bandak kontzertuari amaiera emateko.