Iraitz Salegi absolbitu egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Eneko Azkarate Laspiur 2015ko eka. 30a, 08:15

Iraitz Salegi Topatu.info webguneko kazetari bergararra eta Ernai gazte antolakundeko gainerako zazpi lagunak absolbitu egin ditu Auzitegi Nazionalak. "Terrorismoa goratzea" egotzita epaitu dituzte azkeneko hilabeteotan. Fiskaltzak hemezortzi hilabete eta bi urte arteko kartzela zigorrak eskatu zituen bakoitzarendako. Baita inhabilitazioa ere. Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu. Bart zabaldu da epaiaren berri. "Bihotzez mila esker modu batera edo bestera ondoan izan zaituztedan guztioi: lagunak, militantzia kideak, ezezagunak, herrikideak... adierazi du Salegik Twitter bidez epaia jakin ostean.

Eta zera gehitu du: "Kazetari andana, familiakoak eta keinu txiki batekin goxotasuna eman didazuenak. Leku gutxitan metatuko da herri honetan beste maitasun".

Maiatz eta ekainean epaitu dituzte Madrilen zortzi gazteak. 2013an Urduñan, Bizkaian, egindako Gazte Danbada jaialdiaren harira. Xabier Lopez Peña euskal presoa zena hil zen Ernairen sorrera jaialdia egiten ari zirela, eta haren heriotza salatu zuten Urduñan bildutako milaka gaztek, manifestazio batean. Ekitaldi nagusian ere aipatu zuten gertakaria, eta horregatik inputatu zituzten Ernaiko zazpi kideak. Topatu.info-ko kazetari Iraitz Salegi, berriz, ekitaldi haren berri emateagatik.

Zortzi gazteak ez ezik, Periko Solabarria zena ere inputatu zuten, Gazte Danbadako jaialdian parte hartu zuelako. Azken orduan epaiketatik kanpo utzi zuten, osasun arazoengatik. Joan den astean hil zen ezker abertzaleko kide historikoa.

Kazetariaren kasua salatzeko agiri bat ere atera zuten, 500 hedabide eta kazetarik babestu zutena. Izan ere, elkartasun adierazpen eta ekimen ugari egin dituzte azkeneko hilabeteetan Salegiren herrian, Bergaran, bezala beste herri batzuetan ere, zortzi gazte horien egoera salatzeko. 

Bergarako alkate ohia, hainbat zinegotzi ohi, zinegotzi, Salegiren lagun eta beste kazetariari elkartasuna adierazteko ekimenetako baten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak