Greenpeace erakundeak ingurumenaren ikuspuntutik puntu beltzak eta alde positiboak jaso ditu txostenean. Eta txosten horretan hiri hondakinen gaikako bilketa sistemari edota errauste plantari egin zaion erreferentzia nabarmendu du Oñatiko Zero Zabor taldeak. "Ingurumenaren erradiografia sozial" horretan, alde positiboen artean, atez ateko bilketa sistema Gipuzkoako 27 udalerritan —horietatik Debagoieneko bost udalerritan, Antzuolan, Oñatin, Eskoriatzan, Aretxabaletan eta Bergaran— ezarri izana nabarmendu du Greenpeacek. Negatiboen artean, ostera, Petronorren Muskizeko findegia.
Greenpeacek Estatu osoko autonomia erkidegoak aztertu ditu ingurumenaren aldetik. Eta Euskadi ez da toki onena geratu. 17 erkidegotik 14. postuan, hain justu ere. Euskadiren ingurumen kalitate eskasa azpimarratu du txostenak. Nafarroa, berriz, bigarren erkidego onena da ingurumen parametroei dagokienez; Errioxa dago lehen postuan.
Txostenean atez ateko bilketa sistemaren gainean Greenpeacek egin duen irakurketa positiboa baloratu du Oñatiko Zero Zabor taldeak.
Hauxe dio Zero Zaborrek:
Bilketa tasa altuak
"Ingurumen garbiago baten alde, eta materialen ekonomia zirkular eta efizientea bultzatzeko, ezinbestekoak dira gaikako bilketa tasa altuak emango dituzten biltze sistemak, eta errauskailua bezalako tratamendu kutsakor eta xahutzaileak ekiditea".
"Errausketaren bidea baztertu"
"Hondakinen kudeaketa zirkular eta efizientea lortzeko, ezinbestekoa da hori oztopatuko lukeen errausketaren bidea bazterrean uztea eta, kudeaketa hondakinak kudeatzeko hierarkiaren lehenengo mailatan oinarritzea. Errausketak, gaur egungo eredu, zabar, xahutzaile, kutsakor eta jasangaitzaren beharra dauka egindako inbertsioak amortizatu ahal izateko eta, esperientziak erakusten duen bezala, hondakinen murrizketa eta birziklapenerako politikak oztopatzen ditu".
"Eredu arrazional eta jasangarria"
"Baina gure helburua ez da errausketa baztertzera mugatzen. Hondakinak edo, hobe esanda, materialak kudeatzeko eredu arrazional eta jasangarria ezartzea da gure helburua. Beste era batean esanda, gaur egungo kudeaketa eredu lineal xahutzaile eta jasangaitzetik, eredu zirkular efiziente eta jasangarrira aldatzea".
Puntu negatiboak eta positiboak
Greenpeacek ingurumen egokirako hainbat parametro hartu ditu kontuan txostenean. Eta puntu beltzak eta alde positiboak jaso ditu.
Puntu beltzen artean: Eusko Jaurlaritzak frackinga babestu izana, Shesa enpresa publikoaren bidez; Garoñaren "mehatxu nuklearra"; energia berriztagarrien produkzio urria; Ziklo konbinatuko hiru planta egotea zabalik, Zierbenan, Santurtzin eta Boroan; Repsolek Bermeo eta Elantxobe aurrean hidrokarburoak xurgatzeko baimena edukitzea; nekazaritza ekologikoko produkzio urria; Zabalgarbiko errauste planta; Añorga, Arrigorriaga eta Lemoako zementu plantak…
Alde positiboen artean, berriz: norberen burua frakingetik libre aitortu duten 56 udalerri; Garoñaren aurkako herri ekimenak; 2050 urterako argi indar premiak energia berriztagarrien bidez asetzeko aukera; olatuen bidez energia sortzeko hainbat instalazio jarri izana froga modura euskal kostaldean; euskal arrantzaleek itsas hurbilean darabilten arrantza molde tradizional jasangarriak; atez ateko hondakin bilketa sistema "eredugarria" Gipuzkoako 27 udalerritan; "alternatiba jasangarrien alde" egiten duten eta Zubietako errauste planta geldiaraztea lortu duten Zero Zabor taldeak…