Eguenean zabalduko dute Ereindajan denda-topagunea

Ubane Madera 2015ko eka. 5a, 11:41
Ereindajan elkarteko kideak, Arrasateko denda-topagunean.

Debagoienean ekoiztutako berdurak, esnekiak,  frutak, ogia, sagardoa, gozoak, Jakionen produktuak… eta kanpotik –Nafarroatik, besteak beste– ekarritako lekaleak, zerealak, pastak, esnea, jogurtak, olio ekologikoa… erosi ahalko dira eguenean, ekainaren 11n, 18:30ean, Arrasaten zabalduko duten Ereindajan denda-topagunean. Ospitale parean egokitu dute saltokia, Arrasateko Nafarroa etorbidean.

"Ideia da eguneroko kontsumorako oinarrizko elikagaiak eskuratzeko aukera ematea herritarrei, Ereindajan ekoizle eta kontsumitzaile elkartearen filosofian oinarrituta: bertakoa eta sasoikoa prezio duinetan kontsumitzea, tokiko ekonomia eta lehenengo sektorea bultzatuz", esplikatu dute elkarteko arduradunek.
Tokiko ekonomian produzitzen ez diren elikagaiak, berriz, bidezko merkataritzan oinarritutako produktuak baliatuta eskainiko dituzte: "Azukrea, kafea, txokolatearen deribatuak… Harreman erakundearen bitartez eskuratuko ditugu", azaldu dute.

Enbase barik

Beraz, Arrasateko denda-topagunean "batez ere elikadurarekin lotutako produktuak erosi ahalko dira, eta garbiketarekin lotutako batzuk ere bai, baina horrelakoak gutxi izango dira. Bestalde, produktu gehienak soltean saldu nahi ditugu, produktuak enbasatzen sortzen diren hondakinak ahalik eta gehien murrizteko", gaineratu dute.

Produktu horiei ezarri beharreko prezioei dagokienez, horren gainean ere hausnartu dute Ereindajan elkartekoek: "Gura dugu salmenta preziotik kopururik handiena ekoizlearendako izatea, eta marjina horretatik apurtxo bat elkartearendako; edozein modutan, elkartea irabazi asmo bakoa denez, azken hori ez da handia izango. Kontsumitzaileari prezio duinak eskaini nahi dizkiogu. Nahiz eta, hori bai, jakin badakigun modu arduratsuagoan ekoizten diren produktu hauekin ezingo dugula saltoki handiekin lehiatu", diote.

Bazkide egiteko aukera

Ereindajan elkartea hiru bazkide motak osatzen dute: kontsumitzaile bazkideek, ekoizle bazkideek eta bazkide laguntzaileek; edozelan ere, bazkide ez direnendako ere zabalik egongo da Nafarroa etorbideko denda-topagunea. "Bazkide diren kontsumitzaileek abantailak izango dituzte, beherapenak, produktu batzuk merkeago erosteko aukera…", azaldu dute elkartekoek. Eta, jakina, edozeinek izango du bazkide kontsumitzaile egiteko bidea zabalik: 688 63 49 19 edo ereindajan@bagara.net.

Denda-topagunearen ordutegia zehazteke dute; hori bai, zehaztu dute bi lagun izango direla bertan bezeroei arreta ematen. Bestalde, iragarri dute inaugurazioaren aurretik, eguaztenean, aurkezpen-hitzaldia egingo dutela, Jakoba Errekondorekin, 19:00etan, Kulturateko areto nagusian.  
Ereindajan denda-topagunea orain dela gutxira arte Emaus fundazioak zuen saltokian egokitu dute –ospitale parean–; lanik handienak auzolanean eta Arizmendi Ikastolako Lanbide Hastapeneko ikasleekin egin dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak