Ziburuko ikastola diruz lagunduko du Goienak, Klubeko bazkideen ekarpenari esker

Eneko Azkarate 2015ko mai. 3a, 20:00
Kaskarotenea ikastolako haurrak ikastolako jolastokian, atzean gelen eraikina dutela.

Goiena Komunikazio Taldeak ere diruz lagunduko du Ziburuko Kaskarotenea ikastola. Hain justu ere, Goiena Klubeko bazkideek urtero egiten duten 55 euroko ekarpenetik euro bat hari emango diote. Halaxe erabaki du Goienako Errektore Kontseiluak. Goienaren laguntza "oso pozgarria" dela adierazi du Iparraldeko ikastola txiki horretako presidente Laida Mujikak.

2014ko urte amaieran Goiena Klubeko bazkideei jakinarazi zitzaien urteko ekarpenetik euro bat ekintza solidario batendako erabiliko zela. Eta laguntza ekonomikoa egoera premiazkoan bizi den Kaskarotea ikastolari ematea erabaki du orain Goienak. "Ez dira garai onenak euskararentzat Iparraldean eta, horregatik, besarkada estu bat bidali nahi diegu Ziburuko eta Kaskaroteneako guraso horiei guztiei: biba zuek!". Aitor Izagirre Goienako presidentearen berbak dira.

"Ziburuko umeek euskaraz ikasten jarrai dezaten"

Besarkada eta animu mezuekin batera, laguntza ekonomikoa ere bai, ordea. "Kaskaroteneako auziaren berri jakin genuenetik asko izan dira debagoiendarrok egin ditugun ekimenak ikastola horri laguntzeko. Goiena Klubeko kideok ere jarri nahi izan dugu gure aletxoa: aurten bakoitzak Klubera egiten dugun urteko ekarpenaren euro bat Kaskaroteneara joango da, Ziburuko umeek euskaraz ikasten jarraitzeko aukera izan dezaten" dio Izagirrek.

4.000 euro Goiena Klubeko bazkideei esker

Dirulaguntza hori, 4.000 euro inguru, ekainean emango dio Goienak Kaskaroteneari. Goienaren ordezkaritza Ziburura hurbilduko da ikastolaren berri bertatik bertara izateko, animuak emateko eta ikastolako arduradunekin iritziak eta azken berriak partekatzeko.

Iban Arantzabal Goienako zuzendari nagusiak zera dio: "Goiena 'ez dago aberats diruz, ezta ere oinetakoz', baina gu larri ibilita ere larriago daudenei laguntzea dagokigu. Goiena Klubekoen elkartasunari esker da posible euskaraz ikasteko modu bakarra duten ume horiei laguntzea".

"Oso hunkigarria da gurasoontzat"

Goienaren laguntzaren gainean galdetuta, zera adierazi du Laida Mujika Kaskarotenea ikastolako presidenteak: "Laguntza oso pozgarria da. Alde batetik, diru horrek ikastola berrirako lursaila erosten lagunduko digulako, eta, bestetik, jendearen sostengua sentitzea oso hunkigarria delako gurasoontzat".

Iazko udaberritik auzitan

Kaskarotenea ikastola ziurgabetasun egoeran eta auzitan da iazko udaberritik. Hain justu ere, lurrik eta eraikinik barik geratzeko arriskuan bizi da harrezkero, Guy Poulou Ziburuko auzapezak ez zuelako berritu nahi izan Ziburuko Herriko Etxeak ikastolarekin sinatutako akordioa.

2012ko azaroan, Ziburuko Marinela auzoko eskola publikoa obretan zegoenez, Herriko Etxeak Kaskarotenea ikastolari utzi zion eskola publikoaren lur eremu bat. Eta bertan kokatu zen ikastola. Marinelako eskola publikoan bi bungalow zituen ikastolak, baina ikastola sortu zenetik behin-behineko eraikina izan zen hori. Iazko maiatzean auzapezak erabaki zuen ez berritzea ikastolarekin zuen akordioa eta hortik etorri ziren arazoak: argi mozketak, isunak… Gaia epaitegietara eroan zuten eta manifestazioak eta elkartasun mezu zein ekimenak egin ziren Iparraldean zein Hegoaldean, baita Debagoienean ere…

Irailerako ikastola berrian

Gaur egungo egoeraz galdetuta, zera do Laida Mujikak, ikastolako presidente eta haur baten ama denak: "Betiko tokian segitzen dugu, 14 haurrekin. Hilabete ekipo elektrogenoarekin pasa ondoren, guk geuk ezarri genuen argindarra hornitzaileari deituz. Obretan ginela adieraziz, behin behineko lotura ezarri ziguten. Ez da oso legezkoa baina, tira!. Zoritxarrez horrela ibili behar gara. Lekua oso txiki gelditu zaigu, beraz, ea irailerako ikastola berrian gauden eta normaltasunean sartzen garen!".

Izan ere, ikastolako arduradunen asmoa da toki berri batean kokatzea ikastola. Horretarako, dagoeneko, lursaila ere erosi dute eta laster hasiko dira eraikitzen, ikasturte berria toki berrian hasteko aukera izan dezaten.

Herri Urrats Kaskarotenearen alde

Datorren domekan, maiatzaren 10ean, ospatuko da Herri Urrats, Iparraldeko ikastolen aldeko festa. Betiko tokian, Senpereko lakuaren inguruan. @xik ikastol@ da aurten leloa. Seaska Iparraldeko Ikastolen Elkarteak antolatzen du jaia urtero eta aurten Ziburuko ikastolarendako izango da batutako dirua. "300.000 euro behar ditugu, eta, beraz, diru-iturri guztiak ongi etorriak dira" dio Laida Mujikak.

Herri Urratsera begira, bideo berezia egin dute Kaskaroteneakoek. Jendeak Euskal Herriko bazter guztietatik bidalitako bideo zatiekin osatu dute bideoklipa. Debagoienetik ere bidali dituzte irudiak, Arizmendi ikastolakoek, hain justu ere. Bitartean, aurtengo Herri Urratserako egin duten kanta ofizialeko bideoklipa hemen duzue ikusgai. Willis Drummond taldeak egin du eta Niko Etxartek ere hartu du parte.

Puntu.eus domeinuak ere laguntza

Puntu.eus domeinua ere badabil egunotan kanpaina egiten Iparraldeko ikastolei laguntzeko. Erregistratzen den bakoitzeko 10 euro bideratuko ditu Seaskari laguntzeko. Maiatzaren 10era bitartean erregistratzen direnen artetik bideratuko ditu 10 euro horiek.  

Autobusak Debagoienetik

Herri Urratsera joateko autobusak antolatu dituzte Debagoienetik ere. Euskara elkarteek eta ikastolek. AEDk, Jardunek eta Loramendik antolatu dute bat. Aretxabaletan, 08:45ean irtengo da, Azbetik. Arrasaten, 09:00etan, Garibaitik. Bergaran, 09:15ean, geltokitik. Itzulera ordua 19:00ean izango da. Txartelaren prezioa 12 euro da (10 elkarteotako bazkideendako) eta maiatzaren 7a baino lehen erosi behar dira txartelak, Loramendi, Jardunen edo AED elkarteetan.

Elgetako Goibeko elkarteak ere antolatu du bere aldetik. 09:30ean aterako da Elgetatik. Txartelak salgai daude Haizean eta Espaloian. Itzulera 18:30ean izango da. Prezioa 10 euro da eta Goibekoko bazkideendako 5 euro. Txartelak erosteko azken eguna, kasu honetan ere, maiatzaren 7a, eguena da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak