Ume gehienak ama ezkonduarengandik jaio ziren 2013an Debagoienean

Leire Kortabarria 2015ko mar. 28a, 08:00

Debagoieneko jaiotza, ezkontza eta heriotza kopuruen gainean Eustat erakundeak dituen datu berrienak 2013koak dira. Urte horretan, Debagoienean 588 ume jaio ziren bizirik (bi hilik), 2012an baino 9 gutxiago (hiru hilik jaio ziren, urte horretan). Ama ezkondua zegoen 406 kasutan (378tan, 2012an) eta ezkongabea zen 182 kasutan (219, 2012an).

Ezkontzei dagokienez, 2013an 234 halako izan ziren Debagoienean; 213 ezkontza zibilak izan ziren, eta 21, katolikoak; 2012an, 182 eta 38, hurrenez hurren, gehi bi, beste erlijio batekoak.

Azkenik, 2013an 570 debagoiendar hil ziren, 2012an baino 14 gutxiago. 328 gizonezkoak ziren, eta 242, emakumezkoak; 2012an, hurrenez hurren, 294 eta 290.

EAEn, ume gehiago ezkontzaz kanpo iaz

2014ko hirugarren hiruhilekoko jaiotzen, ezkontzen eta heriotzen gaineko datuak argitaratu ditu Eustatek. %0,7 ume gutxiago jaio ziren 2013ko epe berean baino, eta %2 gehiago jaio ziren ezkontzaz kanpo, ezkondutako amengandik baino.

Horrez gain, amen batez besteko adina 33,2 urte izan zen, baina ama atzerritarrek (EAEn umea izan zutenen %18,8) espainiarrek baino 3,7 urte gutxiago dute, batez beste. 2014ko udan, jaiotakoen erdiak baino gehiago lehenengo semea edo alaba ziren; bigarrena ziren %37; eta hirugarren edo ondorengoa, %9,2. Bigarren umea izan zuten aurreko urteko epe berean baino %0,5 gehagok, eta hirugarrena edo ondorengoa, %9,2 gehiagok.

Ezkontzei dagokienez, 2.469 izan ziren 2014ko uztailetik irailera bitartean, aurreko urtean baino %2 gutxiago; eta ezkontza zibilak izan ziren gehienak (%69), aurreko urtean baino %1 gehiago. Senarren %86k eta emazteen %72k 30 urte edo gehiago zituzten. Ezkondu zirenen artean, gizonen %6 eta emakumeen %8 atzerritarrak ziren.

Emakumeen artean, tumore kasu gehiago

Esandako epean, EAEn 4.351 lagun hil ziren, aurreko urteko aldi berean baino %3,6 gutxiago. Lehenengo aldiz, emakumeen artean tumoreak izan ziren heriotzaren kausa nagusia (%27,4); bigarren, arnas gaixotasunak (%26,3). Gizonezkoen kasuan, tumoreak izan ziren kausa %40,6 heriotzetan; zirkulazio-aparatuko gaitzak, %22,4tan.

Hildakoen %21ek 70 urte baino gutxiago zuten; %18k, 70 eta 79 artean; %39k, 80 eta 89 artean; eta %22k (900 lagun baino gehiago), 90 edo gehiago.

EAEko hazkunde begetatiboa (heriotzen eta jaiotzen arteko aldea) positiboa izan zen, izan ere, 589 jaiotza gehiago izan ziren heriotza baino. Arabak 309 biztanle irabazi zituen; Gipuzkoak, 196; eta Bizkaiak, 84.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak