Iñaki Errazkin, Ingurumeneko diputatuak dio "norabide egokian" doala Gipuzkoa. Herritarrak zorionduz eman ditu datuak: %44ko batez besteko birziklatze maila 2014an, 2013an baino 6 puntu gorago eta "aurten dagoeneko %50ean dabil", zehazten duenez.
Gipuzkoak iaz 315.000 tona hondakin sortu zituen. Gaikako bilketari dagokionez, 25.073 tona beira bildu ziren, 16.086 tona ontzi arin, 37.259 tona paper eta kartoi eta 25.346 tona materia organiko. Errazkinek azaltzen du materia organikoaren datuan dago, hain zuzen ere, "birziklapenaren arloan Gipuzkoa ematen ari den saltoaren gakoa: 2013tik 2014ra 11.000 tona gehiago bildu ditugu (14.000 tonatik 25.000 tonara)". Ia bikoiztu egin da, beraz, aurreko kopurua. "Datu ikusgarria" dela dio Errazkinek eta eransten du "birziklapenaren aldeko apustua egin nahi badugu; Europako Batasunak dioen bezala, birziklagarria den guztia birziklatu nahi badugu, derrigor materia organikoa bildu behar" dela "eraginkortasunez". "Gipuzkoa oso bide interesgarria eta emankorra egiten ari da”, Errazkinentzat.
Errazkinek esan du norabide honetan jarraituz gero, 2016an %60ko birziklatze helburua lortuko duela Gipuzkoak: “Helburua lorgarria da; borondatea besterik ez da behar”. Datuek "Zubietako errauskailu proiektuaren zentzugabekeria agerian uzten" dutela gaineratu du foru diputatuak. Izan ere, iaz 315.000 tona hondakin sortu zituen Gipuzkoak, eta 2016rako %60 birziklatzea da helburua. Hori lortuko balitz, 126.000 tona errefus inguru izango lituzke Gipuzkoak. “Tona horiek TMB plantara joango lirateke; han ia laurden bat berreskuratu egingo genuke birziklatzeko; beste heren bat lurrundu egingo litzateke, eta azkenean, 70.000 tona errefus izango genituzke, gutxi gorabehera. Zubietako planta, ordea, 260.000 erretzeko zegoen diseinatuta. Argi dago, beraz, izugarri gaindimentsionatuta zegoela”, azaldu du Errazkinek.