Epeleko konpostatze planta finantzatzeko akordioa lortu du GHK-k

Goiatz Arana Begiristain 2015ko ots. 5a, 16:27

Epeleko konpostatze plantak izango duen itxura.

GHK eta Alemaniako AKF BANK Epeleko konpostatze planta eta transferentzi estazioaren eraikuntza diruz hornitzeko akordiora heldu dira. Hitzarmen horren arabera, AKF BANK-ek Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren esku utziko du zortzi milioi euroko kreditua. Kontsortziotik adierazi dute "merkatuan aurki daitezkeen baldintza ezin hobeagoetan" lortu dutela kreditua.

"Partzuergoak bere beharren arabera erabili ahal izango du kreditu honetatik behar duena, kopurua gainditu gabe, %4,3ko interes-tasan. Hau da, errauste plantarako lortutakoa baino %2,5 merkeago eskuratuko du dirua partzuergoak, swap-ak bezalako estaldura espekulatiborik gabe", azaldu dute.

GHK eta AKF BANK-en arteko lehen harremana 2014ko uztailean hasi zen, abenduan akordioaren  oinarriak jarri zituzten, eta pasa den urtarrilaren 15ean kontratua sinatu zuten. AKF BANK bankuak Alemanian du egoitza nagusia eta, bereziki, ingurumenarekin erlazio iraunkorra mantentzen duten azpiegiturak finantzatzen egiten du lan.

Bost hilabeteko epean amaituta

Epeleko konpostatze planta eta transferentzi estazioaren eraikuntza-lanak "abiadura onean" doazela adierazi dute GHK-tik eta bost hilabeteko epean amaitua egotea espero dutela. Aurreikuspenak betetzen badira, beraz, hurrengo ekainean materia organikoa jasotzen eta tratatzen hasiko da.

Hiru fase

Epele konpostatze planta eta transferentzi estazioaren eraikuntza faseak eta fase bakoitzaren aurrekontua:

  • Lehen fasea: Lurren mugimendua eta plataformaren egokitzapena. 2013ko abuztuan esleitua, 1,2 milioi eurotan. Epemuga sei hilabetekoa izan zen.
  • Bigarren fasea: Ur deposituak eta saneamendu estolderia. 2014ko irailean esleitua, 700 mila eurotan. Epemuga bi hilabete eta erdikoa izan zen.
  • Hirugarren fasea: Obra zibila eta urbanizazioa. 2015eko urtarrilaren 19an esleitua, 5,8 milioi eurotan. Epemuga bost hilabete eta erdikoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak