Oñati eta Kanpanzarreko bideak itxita daude lur-jausien ondorioz

Monika Belastegi Aranzabal 2015ko urt. 31a, 10:03

Oñatirako errepidea erabat itxita dago lurjausiaren ondorioz.

Egoera apur bat hobetu eta Deba ibaia bere onera etorri bada ere, euritearen ondorioak nabariak dira gaur, zapatua, goizeko lehen orduotan bailaran. Zenbait lur-jausi izan dira eta bi errepide itxita daude horren ondorioz, Kanpanzarren eta Oñatin. Arrasate eta Aretxabaleta arteko errepide zaharrak ere itxita jarraitzen du; baita Bergaran, Ibaiondo kaleko zubipeko pasabideak eta Osintxuko irteerak.

Kanpanzarren, GI-632 errepidean zuhaitza erori da errepidera eta erabat itxita dago. Ertzaintzatik jakinarazi dutenez, bi noranzkotan dago errepidea itxita eta ezin dute ziurtatu noiz arte jarraituko duen horrela. Epeleko biribilgunetik itxi dute Kanpanzarrerako igoera.

Oñatin mendia etorri da behera

Oñatiko errepidearen kasuan, Kanpazarrera iritsi aurreko harrobi inguruan gertatu da luizia. Gipuzkoako Foru Aldundiko langileen esanetan, mendi magala etorri da behera eta errepidea erabat estali du. "Goizaldean izan da gertakaria. Bi erreiak estali ditu lurrak eta makina handiak etortzeko zain gaude, hori guztia garbitzeko".

Zuhaitzak autokarabana gainera

Arrasaten ere gertatu da lur-jausia. Udaletik aurreratu dutenez, Makatxena auzoan zuhaitzak eta lurra erori dira eta autokarabana baten eta autoendako karrotxoan eragin dituzte kalteak: "Autokarabanaren gainera zuhaitzak erori dira eta karrotxoa ia erabat estali du lurrak", esan dute. Gunea babesteko eta kontrolatzeko lanean ari dira Udal langileak

Aretxabaletako errepidea oraindik itxita

Arrasate eta Aretxabaleta arteko errepide zaharrak, bestalde, itxita jarraitzen du. Atzo iluntzean itxi zuten, Deba ibaiak gainezka egin zuelako. Gaur, zapatua, dagoeneko, erreka bere onera itzuli da baina errepidean lokatza eta zikinkeria utzi ditu. Aretxabaletako Udaltzaingotik esan dutenez, irristakor eta arriskutsu dago gunea eta garbitu arte ezingo dute zabaldu. Foru Aldundia arduratuko da garbitzeaz, baina Udaletik ezin izan dute aurreratu noiz izango den hori.

Bergaran bi puntu itxita

Bergaran ere itxita jarraitzen dute herriko bi gunek, atzotik ibaiaren ondorioz. Udaltzaingotik azaldu dutenez, Ibaiondo kaleko zubipeko pasabideak itxita jarraitzen du oraindik ere ur-putzu handia dagoelako bertan. estetik, Oxintxun, auzo barruko errepideak ere itxia jarraitzen du, Eibarrerako irteeran. Osterantzean, ibaiak bere onera egin duela azaldu dute Bergarako udaltzainek.

Elorregiko biribilgunean bertan ikus daiteke Oñatirako bidea itxita dagoela.

Aretxabaletako errepide zaharrak oraindik itxita jarraitzen du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak