Arkatza eta koadernoa eskuartean direla marrazkiak egiteko topaketa

Mirari Altube Arrese 2015ko urt. 23a, 12:09
Iaz, Ean elkartutako margolariak. (Argazkia: Gorka Belasko)

Marrazkiak egitea dute gustuko. Marrazkiak egitea orain eta hemen. Sketchcrawl da. Eta bihar Balmasedan (Bizkaia) dute hitzordua. 50en bat lagun elkartuko dira arkatzak eta koadernoak eskuartean, eta marrazkiak egiten jardungo dute goiz guztian. Debagoienetik hainbat lagun doaz; Arrasatetik 12 eta Bergaratik 15.

Marrazteko hitzordua da sketchcrawl, hiru hilabetean behin egiten den deialdia; hilabeteko azken aste bukaeran. Nazioarteko mugimendua da eta Internet bidez egiten dituzte deiak (www.sketchcrawl.com/forum), tokian tokiko deiak. Euskalerria's Sketchcrawl izenak bateratzen ditu euskaldunak eta bertatik bideratzen dute mugimendua. Oraingoa Gorka Belaskok antolatu du, Enkaterrietan bizi den irakasleak: "Forum baten bitartez egiten da deia, eta gura duena agertzeko libre da".

Euskal Herria's Sketchcrawl taldea 2011n jarri zuten abian, Donostian egindako topaketarekin. Hurrengo urtean egindako deialdietako bat Bergaran izan zen, eta hala, mordoa etorri dira bata bestaren atzean. Poliki-poliki harremank estutzen joan dira ohikoak diren kideen artean, eta sarritan, topaketa hutsa beharrean egun pasa antolatzen dute. Bihar, 10:00etan elkartuko dira Balmasedan, eta lanean hasi. Arkatza, margoak eta koadernoak eskuartean, hara eta hona, norbera bere kasa ibiliko da. "Herriak aukera asko eskaintzen ditu; oso eremu txikian daude ondare historikoa, zubiak, elizak, azoka, bizitzaz betetako kaleak, trenbidea…", dio Belaskok.

Bi ordutako lan jardunaren ostean, Pintxo i blanco tabernan elkartuko dira, eta 14:00etan, Boinas La Encartada museoan bazkalduko dute. Arratsaldean, ostera, museoa bisitatzeko tartea hartuko dute.

Marraztu eta partekatu

Pili Azkarate Balmasedan izango da bihar. Bergararra da, Beart elkarteko kidea. "Baina neure kasa noa, ez talde bateko kide naizelako", argitu du. Bertan elkartuko da Elgoibar, Elorrio, Ea, Bilbo, Donostia, Iruñea, Gasteiz eta beste hainbat tokitatik joandakoekin. Eta aldi berean munduko beste hainbat tokitan elkartuko dira marraztea gustuko dutenak. "Zarautzen elkartu ginenean Kanariar uharteetako bizilagun bat etorri zen. Euskal Herrira bisitan etorri eta deialdietan begiratu ostean topaketan agertu zitzaigun", dio Azkaratek.

Elkartutakoen artean aniztasuna da nagusi. "Adin ezberdinetakoak, jatorri ezberdinetakoak eta lanbide ezberdinetakoak; irakasleak daude, erretiratuak, langabeak…", dio Belaskok. Eta aniztasun horren barruan estiloak ere ugari. "Eta ezaugarri bat da ez dagoela inolako lehiarik, nahiz eta batzuk serioago hartu eta beste batzurendako jolas hutsa izan", dio. Hala, sarean partekatzen dituzte egindakoak; neurea erakutsi, besteena ikusi eta elkarregandik ikasi: "Munduko edozein txokotan egindakoa begira genezake, eta hango lanak aztertuta ikasi: baliabide plastikoak, grafikoak…".

Iaz, Bilbon, Eibarren, Iruñan eta Ean elkartu ziren, eta aurtengo lehen hitzordua Balmasedan da. Marrazkiak egiteko gogoz dagoena pozik hartuko dute eta lekua egin. Hurrengoa Donibane Garazin da, apiril bukaeran.

Pili Azkarate: "Sekulako koaderno bildumak dituzte askok dagoeneko"

Aspaldi hasi zen halako topaketetara joaten Pilar Azkarate bergararra eta bihar Balmasedan izango da.

Zelako marrazkiak egiten dituzue?
Ikusten dena marrazten da, lekuan bertan, hortaz, marrazki bizkorrak dira, di-da egindakoak, eserita edo zutik.

Ez dago baldintzarik?
Ez, ez. Teknika librea da eta euskarria ere bai. Koadernoa erabiltzen dugu, eta askok sekulako koaderno bildumak dituzte dagoeneko; marrazki ibilbidearen lekuko moduan gordetzen ditugu horiek.

Eta marrazkiak gero Internetera igotzen dituzue…
Bai, hala da, marrazki horren gaineko istorio txiki batekin.  Elkarrekin partekatzea da kontua.

Herri barruan elkartu izan zarete beti?
Bai, erosoagoa delako, baina edozein toki da ona. Batzuk parkeetan elkartu izan dira, zooan ere bai, geltoki batean… Valladolidekoek, esaterako, hilerri batean egin zuten hitzordua urriko azken aste bukaeran. Deialdia egiten duenak aukeratzen du tokia.

Debagoienetik asko joango zarete Balmasedara, zabaltzen doala esango zenuke?
Gero eta gehiago gara, ahoz ahokoak funtzionatzen du-eta. Bergarako hainbat joan izan gara, eta orain Arrasatetik beste hainbat datoz eskolak ematen dabilen Bearteko kide den Rikardo Azkargortak animatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak