Lau debagoiendar munduaren amaierara

Maialen Torres 2015ko urt. 16a, 10:33
Nagore Rico, saioko proba bateko mapa esku artean duela.

Euskal Telebistako abenturarik jarraituenak hasi du bere bidea, eta aurtengo edizioan Debagoienak ordezkaritza zabala izango du. Oihana Aldai eta Nagore Rico aretxabaletarrek, Iban Viaga bergararrak eta Ainhoa Manrike oñatiarrak egin dute lehen agerpena El Conquistador del Fin del Mundo reality-an, inoizko edizio gogorrena bezala iragartzen duten horretan. Hain zuzen, eurek ere azpimarratu dute esperientzia gogorra izan dela.

Horren erakusle da Ricok kontatzen duena. "Neskok zazpi egunez ezer jan gabe egon ginen", dio aretxabaletarrak. "Belarra edo hostoak jatea ere pentsatu genuen!". Manrikerentzat ere okerrena gosea izan da, baina dio bizi izandako esperientziak "bizitza lasaitasunez hartu eta gauza txikiak gehiago baloratzen" irakatsi diola.

Viaga aurrez El Conquistador del Aconcagua-n izana da, eta, bi saioak alderatuta, esan du "baldintzak are gogorragoak" izan direla oraingoan. "Saiotik kanpo inoiz biziko ez dituzun egoeretan jartzen zaituzte, eta nork bere mugak ditu", esan du. Aldaik dio fisikoki baino gehiago psikologikoki izan dela gogorragoa. "Telebistan ikusten ez den arren, ordu asko ematen ditugu ezer egin gabe, eta hori oso zaila da eramaten", esan du.

Dena den, guztiek diote esperientziak euren burua neurtu eta arlo askotan dituzten mugak ezagutzeko balio izan diela –hain zuzen, horixe izaten da askorentzat saioan parte hartzeko arrazoia–, eta bizitzaren beste ikuspegi bat eskaini diela. "Aldatu egiten zaitu", dio Viagak.

Elkarbizitza da gakoa

Laurak bat datoz esatean elkarbizitza "saioaren alde aberasgarrienetako bat" izan dela. "Bizitza osorako lagunak egin ditut saioan, eta espero ez nuen konfiantza maila lortu dut jendearekin", esan du Ricok. Aldaik, berriz, taldearen garrantzia nabarmendu du: "Lehia indibiduala da, baina taldean aritzen jakin behar da". Izan ere, taldearen babesik gabe "oso zaila" da aurrera egitea.

Mutilek ere euren artean "giro ona" izan dutela ziurtatu du Viagak, eta gaineratu du probetan eztabaidarik edo arazorik izan bada, bertan geratu direla desadostasunak, eta orain "oso harreman ona" dutela.

Kamerak eta telebista

Hain zuzen, munduaren amaiera konkistatzeko bidean eman dituzten egunetan, kameraz inguratuta bizi izan dira egunean ordu batzuez.

Ricok, Manrikek eta Aldaik onartu dute hasieran lotsatuta izaten zirela kameren aurrean, baina gero "ohitu" egin zirela. "Telebistan emititzen dutenean igarriko da nola pixkanaka euren presentziara ohitzen joan ginen, eta orduan ikusiko da lehiakideon benetako izaera", gogoratu du Aretxabaletako Ricok.

Viagak, berriz, ez du halako arazorik izan. "Janaria lortzea jokoan dagoenean, ahaztu egiten da kamerak hor daudela", azaldu du.

Debateari begira, urduri dago Aldai, baina gauzak argi ditu. "Zirikatuko naute, baina ez dute ni haien jokoan erortzerik lortuko", iragarri du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak