Herrian erosteak abantaila bereziak ditu Gabonen bueltan

Julen Iriondo 2014ko abe. 9a, 10:08
Bergarako merkatariak, patinak jantzita, aurtengo Gabonetako kanpainarako Seminarioko karpan jarri duten izotz pista sintetikoan.

Gipuzkoako merkatari, ostalari, zerbitzu enpresa eta autonomo elkarteen elkarteak –Dendartean– eta Gipuzkoako Foru Aldundiak "bertako komertzio txikia sustatzeko" martxan jarritako kanpainan, nork bere inguruan erosketak egiteko hainbat arrazoi ematen dituzte.

 "Aberastasuna herrian geratzen da eta banaketa justuagoa egiten dugu; bertako ekoizleei laguntzen diegu; bizi eredu iraunkorra bultzatzen dugu, herrian aktibitatea sortuz, mugikortasuna erraztuz eta hondakinak murriztuz. Hau guztia hurbiltasunez egiten dugu, harreman sozialak hobetuz, komunitatea indartuz, espazio publikoak bizirik eta seguru mantenduz; konfiantzaz eta, noski, kalitatezko produktu eta zerbitzuak eskainiz".

Goienak ere, bestalde, iragarki kanpainan hartu du parte, bigarren urtez, Diputazioarekin, Debagoieneko Mankomunitatearekin eta ibarreko bost merkatari elkarteekin batera, aurrez aipatutako helburu berekin. Merkatari elkarte bakoitzak, baina, bere ekimenak antolatu ditu gero.

 

Bedelkar 

Bedelkarrek antolatuta, Bergara Bizi ekimenaren barruan, atzo, eguena, hasi zuten Gabonetako kanpaina, kalejira berezian komertzioetako Gabonetako argiak piztuz eta gauza bera eginez iluntzean plazan. Horrez gain, izotz pista sintetikoa jarri dute Seminarioko karpan –atzo arratsaldetik irekita, urtarrilaren 7ra arte–, eta bertan patinatu ahal izateko txartelak Gabonetako kanpainarekin bat egin duten komertzioetan banatuko dituzte, erosketak egiten dituztenen artean. Sarrera gutxi batzuk saldu ere egingo dituzte, 3 eurotan. Gabonetan ere Bergaran erosi, denok irabazi da kanpainarako aukeratu duten leloa.

Horrez gain, Bergara Bizi Eguna egingo dute abenduaren 13an; goizean, eguerdira arte, moda paseoa egingo dute, eta 13:00etan, plazan, bingo herrikoia. Bergarako komertzioetan erosketak egiteko sariak zozkatuko dituzte bertan.

Urtarrilaren 2an, azkenik, komertzioen ordutegia 14:00ak arte luzatuko dute, eta pintxo dastaketarako txartelak banatuko dituzte. Eta beste ohar bat ere bai: abenduko zapatu arratsaldeetan irekita egongo dira arropa, oinetako, osagarri, opari eta lurrin dendak. 

Ibai-Arte 

Arrasaten, aspaldiko urteetan moduan, Gabonetako saskiak –100– zozkatuko dituzte Ibai-Arteko txartelarekin erosketa egiten dutenen artean, San Tomas egun inguruan. Horrez gain, Erregeetako loteria ere banatzen dute Ibai-Arteko dendetan, partizipazio erara, bezeroen artean: "Iaz jokatutako bikoitza tokatu zen", dio Ibai-Arteko kide Jesus Mari Elkorok. 10.000 euro baino gehiago banatzen dituzte loteriatan: "Betiko bezeroekin detaile bat izateagatik da".

Ibai-Arteko merkatariek Gabonetako argiak jarriko dituzte euren komertzioetan, eta Udalari eskatu diote hark ere jar ditzala gune adierazgarrienetan, herria girotzeko. Udalak asmoa du udaletxean argiztatutako apaingarri bat jartzeko, eta kaleak bestela girotzeko, musikarekin, ohar bidez adierazi duenez.

Txanda 

Oñatin astean hasi dute Gabonetako kanpaina, iazko bera. Txandako komertzioetan erosketa egiten dutenek txarteltxo bat bete eta abenduaren 23an egingo den zozketan parte hartuko dute: saria 600 euro izango da, hurrengo egunean Txandako komertzioetan gastatzeko. Kanpainak jarraitu egingo du urtarrilaren 3ra arte, eta ordura arteko txartel guztien artean egingo dute bigarren zozketa, sari berarekin, hilaren 5ean gastatzeko, kasu horretan. 

Oñatiko dendariek espero dute Gabonen bueltan herritarrek euren saltokietan erostea. "Egubakoitz beltza egin genuen aurrekoan, eta nahikoa mugitu zen; dendariak nahikoa gustura gaude", dio Argiloain Perosterenak: "Animatzen dugu jendea herrian erostera. Herrian kalitatea dugu, eta zerbitzu ona, autoa hartu eta inora joan beharrik gabe". Gabonetakoa moduko kanpainekin nahi dutena da erosketak bertan egiten dituztenak saritzea. 

Aretxarte 

Aretxabaletan 10 euroko 166 bonu banatuko dituzte Aretxarteko denda eta tabernetan; hilaren 10ean izango da, 10:00etan agertzen direnen artean. Denda edo tabernetarako balioko dute bonuok, urtarrilaren 5era arte.

Horrez gain, herrian erosketa egiten duten bakoitzeko zigilua jarriko diote dendariek bezeroari. Asteburuko bi bidaia eta 50 euroko 20 bonu zozkatuko dituzte sei zigilu desberdin pilatzen dituztenen artean; zozketa urtarrilaren 2an egingo dute. 

Eta beste ekimen batzuk ere bai: abenduaren 11n, 18an eta 23an gaztaina saltzailea egongo da herrian, eta gaztainak doan lortzeko txartelak banatuko ditu Aretxartek. 12an, berriz, buzkantzak banatuko dituzte arratsaldean Pagaldaixenian; bertarako 350 bonu banatuko dituzte goizetik Aretxarteko denda eta tabernetan. Herrian erostera animatzeko bideoa ere prestatu dute aurten berriro, eta egutegia ere banatuko dute –2.500 ale–, Aretxarteko langileen argazkiekin.

Axtroki 

Eskoriatzan, azkenik, abenduaren 19an, 18:30etik 20:30era, kalera, plazara aterako dute generoa Axtroki merkatari elkarteko komertzioek. Harakinek pintxoak prestatuko dituzte, tabernek eskaintza bereziak egingo dituzte eta animazioa ere egongo da. 

Horrez gain, urtarrilaren 5ean 1.500 axtroki zozkatuko dituzte, elkarteko komertzioetan gastatzeko: 500 euroko bi sari eta 100eko bost izango dira. Axtrokiko komertzioetan erosteagatik emango dituzte zozketarako txartelak.

"Herri txikietan jendeari apurua ematen dio, dendara sartuz gero derrigor zerbait erosi behar duelakoan"; Axtrokiko Eider Kortazarrek animatzen ditu herritarrak dendetan sartzera, "inongo konpromiso barik".

----------

Erakusleiho lehiaketak

Urte sasoi honetan ohiko izaten dira erakusleiho lehiaketak ere. Oñatin, betiko sariez gain, erakusleiho birtualarena emango dute aurten –Interneten komertzioak duen presentziagatik–. Sariak txantxitan izango dira. 

Arrasaten hilaren 12ra arte dute merkatariek santamasetako erakusleiho lehiaketarako izena emateko. Aretxabaletan, berriz, hilaren 9a eta 29a artean epaituko dituzte erakusleihoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak