Natalia Diez-Caballero: "Umeak ez edukitzeko arrazoietako bat da bikoteen kontziliazio arazoa"

Eneko Azkarate 2014ko aza. 28a, 10:00

Duela 15 urte sortu zen Hirukide, Euskadiko Kide Ugariko Familien Federazioa. Erkidegoko 7.400 familia ugari dira elkarte horretako bazkide. Natalia Diez-Caballero da zuzendaria. Bergaran izan da oraingo astean, elkartea aurkezten.

Zer moduz Bergaran egindako batzarra?
Oso ondo. Jende asko gerturatu da batzarrera. Gainera, gure elkarteko bazkide ez diren asko etorri dira eta hori pozgarria da guretako, elkartearekiko jakingura erakusten duelako. Denboraz larri ibiltzen gara, jeneralean, familia ugarietako gurasook, eta batzarrera etortzeko ahalegina egin izana kontuan hartzekoa da. Lehen aldia zen Debagoienera etortzen ginena. Ari gara, pixkanaka, udalerri ezberdinetara gerturatzen.

Zenbat bazkide dituzue eskualde honetan?
Herri nagusietan, Arrasaten, %36ko barneratze indizea daukagu. Hau da, Arrasateko familia ugari guztien %36 Hirukideko bazkide dira. 219 kide dira guztira. Euskal Autonomia Erkidegoko batez bestekoaren gainetik. %31n gaude erkidegoan. Bergaran, ostera, %19koa da; 152 bazkide ditugu Bergaran. Horregatik aukeratu dugu Bergaran egitea batzarra, nahiz eta beste herrietatik ere etorri den jendea. Gure asmoa da bazkide gehiago egitea, Arrasaten, Bergaran eta Debagoienean, oro har.

Herri agintariekin ere elkartu zarete. Ze moduz?
Bergarako eta Arrasateko udaletako kideekin batzartu gara. Gure helburua izan da ezagutzera ematea elkartea: udaletan, merkataritzan eta herritarren artean.

Udalerri Familiarki Arduratsuen Dekalogoa aurkeztu diezue Udal ordezkariei. Ze konpromiso hartu dute udalek dekalogoarekin lotuta?
Zortzi arlotan egiten diegu proposamena, familia ugariekiko konpromisoa har dezaten. Esaterako, ordenantza fiskaletan familia ugariek hobariak edukitzea eskatu diegu. Izan ere, uste dugu, familia ugariok zelanbait zigortuta gaudela, esaterako, ur kontsumoagatik ordaintzen ditugun tasetan. Etxebizitzei dagokienean ere, alokairuan hartzeko proiektu interesgarriak ditu Bergarako Udalak eta hor ere tratu berezia izan genezake erakundeen partetik.

Merkatarien partetik ze espero duzue?
Uste dugu kolektibo interesgarria garela, dendari edo ostalariendako, kuantitatiboki kontsumitzaile onak izan gaitezkeelako eta tokiko komertzioa bultza genezakeelako. Hortaz, tratuak egin genitzake haiekin. Dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoan 500 establezimendu baino gehiagorekin dauzkagu tratuak eginda, Hurukideko bazkideok beherapenak eduki ditzagun.

Azkeneko urteotan handitu egin da familia ugarien kopurua hemen?
Egia esan, jaiotze tasak ez du gora egin. 1,3 seme-alaba daukagu eta ez horrek ez du belaunaldien erreleboa bermatzen. Ama bakoitzak gutxienez bi ume izan beharko lituzke erreleboa bermatzeko. Populazioa zahartzen ari da. Hortaz, alde horretatik, ez da sumatzen gero eta familia ugari gehiago dagoenik. baina, bestalde, datuek erakusten dute familia ugari titulu gehiago daudela orain. Gobernuak ematen duen titulu ofiziala da hori. Eta, pentsatu nahi dut, lehen, akaso, familia ugaria izan arren, familia horiek ez zituztela ateratzen titulu ofizialik eta gaur, krisiagatik, ostera, ateratzen dutela. Eskubide batzuk izatearren. Eta, bestetik, egia  da, gaur egun bikote hainbatek zailtasunak dituela umeak edukitzeko eta ugalkortasun tratamenduak jaso ostean, erditze anizkun kasu gehiago ikusten direla. Lehendik ume bat eduki, bigarrenaren bila joan eta, aldi berean, bat baino gehiago erditzen dute. Horretaz gain, Hirukideren lanak ere familia ugarien gehikuntzan zerikusia izan duela pentsatu nahi dut.

Zein da zuen aldarrikapen inportanteena?
Edozein lege edo arau egin edo onartzen den erakundeetan eragiten dugu, benetan, legeak denendako egiten direla bermatzeko. Esaterako, Gobernuak onartuta dauka arau bat 2012tik eta nahi dugu aintzat har dadila Euskadin arlo guztietan. Horrek proposatzen du diru sarrerak aintzat hartzen diren erabaki guztietan, pertsona edo familien zirkunstantziak ere hartzen dituela: guraso bakarreko familia izatea, elbarritua izatea… Uste dugu zirkunstantzien arabera arautzea zehatz eta justuagoa izan daitekeela. Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaien sailak hartzen ditu aintzat zirkunstantzia horiek, diru laguntzak-eta banatzerakoan. Eta eskatzen dugu beste sail batzuetan ere aintzat har daitezela. Errentan oinarritzen den edozein laguntza edo zerbitzuk pertsona edo familien zirkunstantziak aintzat hartu behar ditu. Hori da gure oraingo aldarrikapen nagusia.

Jaiotze tasak handitzeko kanpainak edo ekimenak egiten dituzue?
Gu ez gara jaiotze tasaren aldeko elkarte bat. Pertsona edo bikote bakoitzaren erabakia errespetatzen dugu. Baina, bestalde, umeak ez edukitzearen arrazoietako bat, gaur egun, bada bikoteen kontziliazio arazoa. Hau da, lana eta familia ardurak uztartzeko zailtasuna. Ekonomia krisiak hori areagotu egin du. Bestetik, egia da, langabezian egoteak bat baino gehiago animatu duela umea edukitzera. Lana galdu du. Denbora du, lehen ez bezala. Eta erabaki du orain dela umea izateko unea. Halako kontraesanak ematen dira. Bai ikusten dugu, edozelan ere, gobernuen aldetik lidergo falta, beharrezko eta epe luzeko familia politikak bultzatzeko. Guztien kontsentsua behar da horretarako. Diru laguntzak murrizten ari diren unean, honakoetan ezin daiteke murriztu ezer, gure ustez.

Murrizketek zela eragin dizue familia ugarioi?
BEZaren igoerak, esaterako, eragin handia izan du gugan. Umeak edukitzearren jasotzen diren laguntzak ez kentzea edo ez murriztea eskatzen dugu. Enpresa Erregulazio Espediente batek, esaterako, berdin eragiten dio familia ugariko kide bati eta ez den bati. Berdin laguntza sozialak eskuratzen dionari… Diru sarreren errenta-bermea jasotzen dutenen artean ere berdin gertatzen da…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak