Bergarako Candy-Hoover itxita, 152 langile kalera

Eneko Azkarate 2014ko urr. 30a, 13:21

Konfirmatu da. Langileen artean atzotik bolo-bolo zebilena egiaztatu du gaur Candy-Hoover taldeko giza baliabideetako arduradunak, Roberto Roncallik. Bergarako Candy-Hooverren itxiera. "Bergarako lantegia itxi egingo da, langile guztiak kalera!". Berba horiekin komunikatu die langileen ordezkari batek, batzarraren ostean, lantoki kanpoan zain zeuden langileei. 

Haserrea, inpotentzia, ezinegona, kezka, urduritasuna… sumatzen zitzaien aurpegian. Orain, hilabeteko negoziazio epea irekiko da itxieraren eta langileen kaleratzearen baldintzen gainean. Berez, 152 langileri eragiten die neurriak, baina batzuek, oraingoz, bulegoetan lanean segituko dute. Gaur iluntzerako manifestazioa deitu dute langileek, Bergaran, Enpleguaren alde, deslokalizaziorik ez! lelopean. 19:00etan San Martin plazatik abiatuko dira.

Roberto Roncalli bere abokatu talde eta guzti batzartu da Candy-Hooverreko Enpresa batzordeko kideekin. Ez ditu kaleratzeen baldintzen gaineko zehaztasunik eman, baina bai Bergarako lantokia ixtearen arrazoiak: Bergaran egiten duten goitik kargatzen den garbigailua oso produktu garestia dela; 2005etik Candy-Hoover taldeak galerak izan dituela; lehiakortasuna ezinbestekoa dela eta lehiakideak merkatu asiarrean edo produkzio kostu txikiko herrialdeetan ari direla eta, honenbestez, Candy-Hoover ere bide horretan murgiltzera behartuta dagoela…

Ordubete eta erdi inguru iraun du batzarrak. 

Tentsio uneak

Zuzendaritzako ordezkariek langileekin egin duten batzarraren ostean, tentsio uneak bizi izan dira. Izan ere, langileek irteera oztopatu diete zuzendaritzako kideei eta atzera egin behar izan dute Italiatik etorritako ordezkariek eta haien abokatuek. Azkenik, Ertzaintza joan behar izan da Candy-ra, eta orduan irten dira zuzendaritzakoak bi autotan. Langileek pasilloa egin diete eta "gezurti!" bezalako oihuak entzun dira, Roncalliri zuzenduta.

Azaroaren 7an beste batzar bat egingo dute langileek zuzendaritzakoekin. Orduan emango zaizkie langileei kaleratze paper eta txostenak eta azaroaren 12tik aurrera hilabeteko epea izango dute negoziazioak egiteko. Epe hori amaitutakoan, abendu erdialdean, kaleratzeak gauzatuko dira. Hala eman du aditzera batzarraren ostean, langileen eta hedabideen aurrean, Roberto Romero (ESK) Enpresa batzordeko presidenteak. 

Bestalde, gaurko manifestzioan parte hartzeko dei egin die langile, senide, lagun eta herritarrei, oro har, Romerok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak