Argazki kamerari etekina ateratzeko ikastaroa Debagoienean Kutxa Ikasgelak antolatuta

Eneko Azkarate 2014ko ira. 22a, 08:00

Kutxa Ikasgelak ikastaroz betea dator aurtengo ikasturtean ere eta ikastaroetako bat Arrasaten emango da, Goiena Komunikazio Taldearen egoitzan, hain justu ere: Otalora Lizentziaduna 31n, Arrasaten. Argazkigintzari lotutakoa izango da. Zehatzago, hauxe da ikastaroaren izenburua: Atera etekina zure argazki kamerari.

Argazki kamerei, edozein direla hauek, eta adimendun telefonoei, ahalik eta etekin handiena ateratzea da ikastaroaren helburua.

Argazkiak ateratzeko gailuak ezagutu eta menderatzeko, argazkiak manipulatzeko, eta sare sozialen bidez zabaltzeko moduak erakutsiko dira ikastaro horretan: baita app ezberdinak ere, iOs zein Androiden.

Argazki hobeak

"Gaur egun edonon eta edonola ateratzen ditugu argazkiak, bereziki, eskuko telefono adimendunekin. Baina, zela atera ditzakegu argazki erakargarriagoak, hobeak? Izan reflex kamerekin, argazki kamera arruntagoekin edo smartphoneekin?". Kezka horiek argitzen saiatuko dira ikastaroan, Kutxa Ikasgelatik adierazi dutenez.

Edozeinendako

Argia, koadroa, konposaketa, ikuspuntua…; irudiak manipulatzeko programak (Photoshop); zela atera argazki informatiboak; smartphonea ala argazki kamera?; reflex kamerak eta objektiboak; zela zabaldu argazkiak sare sozialak erabiliz: Instagram, facebook, twitter, fotoblogak… Horiek dira ikastaroan jorratuko direnak.

Ikastaroa edozeinendako irekia da. Edozein dela gailua, argazkiak ateratzeko zaletasuna dutenendako.

Izena emateko azken eguna barikua

Ikastaroa urriaren 21ean hasiko da eta azaroaren 20ra arte luzatuko da. Martitzen eta eguenetan emango da, Goienaren Arrasateko egoitzan. 18:00etatik 20:00etara. Eta, horretaz gain, irteera bat egingo da, ikasitakoak praktikan jartzeko. Guztira, 20 orduko ikastaroa da.

Izena emateko azken egina irailaren 25a, eguena, da. Kutxa Ikasgelaren webgunean eman behar da izena (www.kutxabank.com/kutxaikasgelak). Informazio gehiago: 943 25 05 05 (Goiena).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak