Julen Arexolaleiba: "Jendeak argi izan behar du AED edo Goiena ez datozela aukera politiko bat elikatzera"

Eneko Azkarate 2014ko ira. 19a, 10:00
Julen Arexolaleiba Hhezin, Eskoratzan.

AEDko sortzaileetako bat eta lehen liberatua izan zen. Azken urteotan MUko Huhezi fakultatean dihardu, Sorguneak Ikertegian. Euskalgintzari lotua beti. Urrian MUn abiatuko den Euskal Kulturgintzaren Transmisioa (EKT) graduondoaren koordinatzailea da. Horri buruz eta euskalgintzari buruz dihardu.

Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondoan izena emateko epea zabalik dago oraindik. Jakingura erakutsi du jendeak orain arte?
Bai, urriaren 7ra arte. Oraingoz, aurreko edizioekin alderatuta, emakume gazteak ari dira gailentzen. 30 bat izaten dira, gutxi gorabehera, eta izen-ematea ondo doa.

Zalaparta sortu zen uztailean ezagutzera eman zenean Joseba Sarrionandiak parte hartuko zuela Euskal Kulturgintzaren Transmisioan aditu tituluan. Horrek, akaso, izan du eragina?
Ezin jakin, baina ez zait iruditzen horregatik denik. Egia da kurtsoari oihartzun handia eman ziola Sarrionandiarenak. Beste urte batzuetan baino jende gazteagoak eta emakume gehiagok eman dute izena.

Sarrionandiaz gain, izen handikoak eta gaiarekin zerikusia duten eta kontatzeko asko dutenak ere badaude.
Bai. Eta guk nahi izan dugu Sarrionandia beste edozein bezala tratatu, nahiz eta jakin berezia dela haren presentzia kurtsoan. Bestalde, askotan, izen handietatik aparte, horren ezaguna ez den beste baten saioa izan daiteke gogoratuena edo oroitzapen onena uzten duena.

Zeren bila dator jendea EKT graduondora?
Gai honen gainean nork bere burua janztera. Irakaskuntzan, hedabideetan edo enpresetan dabiltzanek kulturarekin zelanbaiteko harremana badaukate, baina eskertzen dute beste eremu batzuetan dabilen jendearen informazioa jasotzea, norberaren holograma osatzen joateko.

Zer nabarmentzen dute kurtsoa egin dutenek?
Sarri aipatzen dute elkarren artean egoteko, esperientziak trukatzeko, denbora luzeagoa eduki izan balute, aberasgarriagoa izango zela. Ikasleen arteko edo irakasleen arteko, hau da, berdinen arteko, atsedenak, elkarrekin egoteko orduak… asko estimatzen dituzte. Taldeko giroa da oso ona.

Elkarren arteko giroa sustatzeko lagungarria da kurtsoa trinkoa, hilean behingoa eta asteburuan izatea?
Batzuk zailtasunak dituzte astean barrena etortzeko Debagoienera. Uste dugu orain aukera handiagoak sortuko direla hainbatendako. Gure helburua da kurtsoa bizitzea, bertan murgiltzea, sakontzea… Bizitzea eta hedabideetatik apur bat jarraitzea ezberdinak dira. Esperientzia sakona bizi ohi da kurtsoan. Alde horretatik, jendeak ez du hutsik egiten. Bestalde, hainbat enpresak formazio planetan sartzen dute EKTko graduondo honetara etortzea. Eta oso-oso eskertzekoa da hori.

Bosgarren urtea da graduondoa antolatzen duzuena. Helburuak betetzen diharduzue?
Bai, gustura gaude. Unibertsitatea inoiz zapaldu ez duen jendea bere alorrean egiten duenaren gaineko esperientzia kontatzera unibertsitatera etortzea oso aberasgarria da. Sortzaile batzuei ere entzun diegu esaten hau edo beste sortzeko gauza direla, baina ez dutela inoiz jardun jendaurrean egiten duten horren gainean. Oholtza gainean bai, baina, ostera, jendearen aurrean ordubeteko berbeta saio bat eskaintzea zaila zaiela. Beste askok erronka moduan hartzen dute.

Nahi izan duzuen jende guztia ekarri duzue esperientzia kontatzera?
Ekarri gura ditugunak etortzen dira ekarri gura ditugulako. Baina gurako genukeen guztiak ezin izan ditugu ekarri. Bestetik, nahi dugu jende eraikitzailea ekarri; ezkor negartiak ez ditugu gura. Kulturaren munduan lanean diharduena eta jendea animatuko duena gura dugu. Hortaz, gure helburua ez da aniztasuna, ahots guztiei ateak irekitzea. Guk nahi dugu da gure tesietatik hurbil egon daitezkeenekin eraikitzea.

Ahozko edo ikus-entzunezko altxorra batu duzue graduondoan, horrenbeste kulturgileren esperientziak jasoz?
Bai. Altxor bat daukagu hor gordeta, baina altxor hori ondo kudeatzeko dirua eta denbora behar da. Oso biltegi aberatsa gaude osatzen, baina sakon ustiatu barik daukagu oraindik.

Asteburua izanda, afaldu edota lo egiteko aukera ere eskainiko duzue.
Bai. Taldea egiteko aukera handiak dauzkagu eta saiatuko gara. Guretako onena da jakintzaren inguruan sortzen den giroa.

Euskal Herri osotik dator jendea eskolak jasotzera?
Gipuzkoatik eta Bizkaitik gehiago; Nafarroatik eta Arabatik gutxiago. Eta gero, Iparraldetik askoz ere gutxiago. Eta Gipuzkoan, Debagoienetik kanpo, asko. Bosgarren edizio honetan, asteburua izanda, alda daiteke hori ere.

Sarrionandiarenak hedabideetan izan duen oihartzunak zelan harrapatu zaituzte?
Mediatikoki ikaragarria izan da. Prentsa arrosaren eta Auzitegi Nazionalaren itaunketen modukoa izan da. Eta gu ez gaude bi horietakoen galderei erantzuteko. Pertsona publiko ezkutuko batek sortzen duen jakingura eta hedabideen gose hori kudeatu beharrean izan gara. Guk gogo eta esperantza osoa daukagu Joseba Sarrionandia bertatik bertara kurtsoan izan dezagun. Ikusiko dugu zer gertatuko den, baina, gure ustez, inportanteena da lehenengo aldiz gizon horrek saio bi gertatuko dituela hark gura duen doinu, neurri eta formatuan emateko. Orain arte elkarrizketa eman du galdetegi bati erantzunez, iritzi artikuluren bat idatzi izan du, liburuetan eman ditu iritzi sakonak… baina 50 urteotan euskal literaturak eman duenaren gaineko aurkezpenik, bere gurara, ez du egin. Orain, bertatik bertara egin ahal badu, askoz ere hobeto. Ezin badu egin hona etorrita, beste modu batera egin ahal izango du eta hemen daudenekin elkarrekin eragiteko aukera izango du.

Bi saio emango ditu: otsailean eta maiatzean?
Bai; bata, Kike Amonarrizekin; bestea, Joseba Gabilondorekin.

Aste honetan bertan harekin egoteko aukera izan duzu. Zer dio?
EKTko graduondoan izango duen parte hartzea prestatzen dihardu. Ilusio handiarekin dago. Jendeak uste baino hartu-eman handiagoa dauka Josebak Euskal Herriko eragile askorekin.

Jendeak, hedabideok, jakin nahi dugu etorriko den edo ez.
Ikusiko da zer gertatzen den, baina, berriro diot, inportanteena da kurtsoan presente egongo dela. Lehen aldiz iritzia emango duela intereseko gaien inguruan eta, pentsalaria den heinean, gauza interesgarriak esango dituela. Klaseak emango dituzten beste batzuek ere, Joseba Gabilondok edo Joseba Zulaikak, esaterako, Skype bidez emango dituzte.

Sarrionandiaren oso irudi publiko gutxi dago, modu bateko irudiko ezagutzen dugu gehienok. Horrek sortzen du morbo edo jakingura ere…
Bai. Esaten duenaz gain, irudiak ere sortzen du jakingura. Ikusiko dugu hau zelan kudeatu nahi duen Josebak berak.

Kike Amonarrizek jardungo du harekin batera. Zer dio tolosarrak?
Oso pozik dago, ohorea da harendako, jakina. Orain, Aratuste-zapatuan tokatuko zaio saioa eta ikusi behar zela dagoen…

Hizkuntzaren transmisioaz egiten dugu berba sarri; gutxiago kulturarenaz.
Inportantea da gurasoek zela transmititzen duten kultura, zer gertatzen den etxeetan. Zelako kontsumitzaile diren gurasoak… kultura transmisio hori gerta dadin. Hortaz, hiru familiak kontatuko digute eurena zelakoa den.  

Ibarretxek, Egigurenek, Zubizarretak… kulturaren alorrean zer egin duten ere galdetuko zizuten batek baino gehiagok…
Behar dituzte euskarak eta kulturak espazio batzuk non dena ez den politikatik bideratuko. Uste dugu, gainera, euskarak eta euskal kulturak ez dutela izan behar konfrontaziorako gune. Batek besteari trastuak botatzeko. Horregatik gonbidatu ditugu hiru horiek. Botere eta kontra-botere mezu hori apurtu nahi dugu. Eta, bestetik, mezu bat zabaldu gura dugu: ezin gaitezkeela pasa beste 30 urte politikariek jotzen duten doinuarekin dantzan. Gizarte antolatuak jo behar du doinua: euskalgintzak eta kulturgintzak.

Bertsolaritzak ere izango du toki berezia kurtsoan.
Ikasle izandakoek egingo dituzte bertso kronikak. Edukiei buruzko bertso-sorta mamitsuak egitea erronka da haiendako, gero argitaratzeko asmoa ere badaukagu-eta.

Sorguneak Ikertegiko sortzaile eta kide zara. Zein da zuen berezitasuna?
EKTn aurreko edizioetako edukirik garrantzitsuenen berri ematea. Formaziotik aparte, ikerketak egiteko modu asko daude. Ikerketa eta jakintza, interesatuekin batera, eraikitzen saiatzen gara, elkarri eragiten, jakintza elkarrekintzatik sortzen delako.

Urte asko daroatzazu Euskalgintzan. AEDren sorreran hasi zinen. Urte hauetan guztietan, zertan asmatu dute erakundeek, gizarteak...?
30 urteren ostean, eztabaida genezake zer espero genuen, zer lortu dugun… Baina, nire ustez, galdera hauxe da: "Eta egin ditugunak egin ez bagenitu?". Ezkorrak neutralizatzeko modu bat da. Bestetik, gakoa da zer jartzen dugun erdigunean: gure aukera politikoa edo hizkuntza komunitatea. Lortzen ari gara hizkuntza komunitatea ekartzea erdira eta talde politikoak elkarren arteko lehian ez aritzea. Erronka da hurrengo urteetan talde politikoak egotea hizkuntza komunitatearen esanetara, mesedetara. Ez dakit Gure Esku Dagok zer lortuko duen, baina bistakoa da ANCk zela erakarri dituen CIU, ERC… Zer gerta liteke euskalgintzarekin? Gaur egun jendeak argi izan behar du AED, Txatxilipurdi, Goiena ez datozela aukera politiko bat elikatzera, baizik eta hizkuntza komunitate bat, euskara, elikatzera. Hori da euskalgintzaren erronka. Hemen, oraindik, norbaitek pentsatuko du PPko batek euskaraz jakitea kaltegarria dela eta PPko norbaitek pentsatuko du haietako batzuek euskara jakitea kaltegarri zaiela. Hori aldatzea da erronka.

Ze iruditu zaizu Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburuko zuzendaria euskal hiztuna ez izatea?
Oraindik ere gabiltza eztabaidatzen zer nahiago dugun, mediku euskalduna edo mediku ona, bi baldintzak betetzen dituen medikurik ez balego moduan. Eta, bestetik, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Diputazioko Euskara zuzendariak atera duen oharra larria iruditzen zait. Bere burua zuritzen. Pose bat besterik ez da. Edo 2016ko buruek eman dituzten azalpenak… Bero-bero nago kontu honekin. Sinbolikoki tamalgarria da. Donostiako Udalean eta Gipuzkoako Diputazioan Bildu agintean egonda, halako erabaki bat hartu eta gizarteari orain artean baino azalpen gehiago eman ez izana salagarria eta tristea da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak