Xabier Bengoetxea fitxatu du Catak

Eneko Azkarate 2014ko ira. 11a, 22:05
Xabier Begoetxea Fagor Etxetresnetako lantegian, Arrasaten, presidentea zenean.

Xabier Bengoetxea Fagor Etxetresnetako Kontseilu Errektoreko presidentea zenak Catarekin fitxatu du eta enpresa katalanak Fagorreko lantegi berrietarako osatzen diharduen zuzendaritzako kideetako bat izango da. Ez da bakarra. Haren bidea jarraitu dute lehengo Fagor Etxetresnetako beste bi buruk: Alberto Lopez Sayas zuzendari finantzari izan zenak eta Ekialde Ertaineko eta Afrikako merkatuetako arduradun izan zen Alberto Ahedok.

Honenbestez, zuzendaritza talde berria Fagorreko bazkide eta langile ohiekin osatzen ari da Cata, uztailean agindu zuen moduan. "Euskal taldea izango da, Euskal Herriarendako lan egingo duena eta Fagorreko koloreak defendatuko dituena", adierazi zuen orduan Jorge Parladek, CNA Corporation-eko administratzaileak.

Bestetik, Goienak jakin duenez, Francisco Martin Catako zuzendari orokorra izango da hemengo zuzendaritzako burua ere. 

Bien bitartean, Fagor Etxetresnetako lantegiak eta produkzio industriala martxan jartzeko lanean dihardu Catak. Asmoa da lehenengo Garagartzakoarekin eta Eskoriatzakoarekin hastea. Urrirako produkzioa abiatu nahi luke. Horretarako lan taldea osatzen dihardute.

Bestetik, hil honen amaieran gauzatuko da Fagor Etxetresnen erosketa CNAren aldetik. 42,5 milioi euroko eskaintza egin zuen CNAk Fagor Etxetresna elektrikoen marka eta ondasunengatik. Eta prezio horren truke hari saltzea erabaki zuen uztailean Pedro Malagon epaileak.

Lanpostuetarako lehentasuna

Lanpostuei dagokienez, lehen urtean 500-705 lanpostu artean sortuko ditu Catak. Eta planta berriak eta negozio unitate berriak martxan jarri ahala, langile gehiago kontratatuko dituzte.
Horien artean, lehentasuna izango dute kooperatibistek, Fagor Taldearendako lanean ibili diren kanpoko langileek, Edesakoek eta baita Grumalekoek ere.

Lau urteren ostean 840 zuzeneko lanpostu sortuta izango dituztela iragarri dute CNAko ordezkariek.

Soldata maila eta Lagun Aro

Soldata mailari dagokionez, berriz, Fagorren zeudenen mailakoak edo handiagoak izango dira; hori bai antzinatasuna ez dute kontuan hartuko.

Bestalde, CNArendako lanean hasiko diren kooperatibistek aukera izango dute 36 hilabetez lanean jardun ostean, eta hala nahiago badute, Lagun Arora bueltatzeko. Adibidez, 45-50 urte bitarteko langileendako komenigarria izango da Lagun Arorekin kotizatzen segitzea erretiroa hartu arte; ez horrela, berriz, langile gazteendako. Haiendako onuragarriagoa izango da seguritate sozialean kotizatzea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak