'Loreak' eta 'Lasa eta Zabala', debagoiendarren lanarekin, Zinemaldiko txaloetarako gertu

Jon Berezibar 2014ko uzt. 24a, 12:35

Guretik aurten ere ordezkaritza polita izango du Donostiako Zinemaldiak. Sail ofizialean, Urrezko Maskorra irabazteko lehian, historian lehen aldiz euskarazko film bat egongo da, Loreak, eta bertan jardun du Aitor Arregi oñatiarrak, zereginen artean, bigarren unitateko zuzendari lanetan. Mariasun Pagoaga arrasatearrak  paper txikia du filmean; sail ofizialean baina lehiatik at ikusiko den Lasa eta Zabala filmean bezala. Azken honetan, argazki zuzendaria oñatiarra da: Aitor Mantxola.

Datorren Zinemaldia, artean hasteko makina bat aste falta badira ere, historikoa da jada. Lehen aldiz, Euskal Herriko zinema festibalik entzutetsuenean, euskarazko film bat egongo da Urrezko Maskorrerako lehian. Jon Garaño eta Joxe Mari Goenagaren Loreak filma izango da filma, bikotearen bigarren lan luzea, 80 egunean arrakastatsua eta gero. Moriarti ekoiztetxearen lana da Loreak eta bertako kide bezala Aitor Arregik zinemagile oñatiarrak parte-hartze zuzena izan du filmaren sorkuntzan: bigarren unitateko zuzendari, produktore eragile eta gidoilari lanetan, hain zuzen. Horrekin batera, ez da Zinemaldian erakutsiko den Arregiren lan bakarra izango Zabaltegi sailean Zarautzen erosi zuen bere film laburra egongo baita. Zabaltegin ere, Asier Altuna Kixi-ren bergararraren Soroa ikusteko aukera egongo da

Sail ofizialera itzuliz, Pablo Malo zuzendariaren Lasa eta Zabala filmean bi debagoiendarrek hartu dute parte. Aktore bezala, Mariasun Pagoaga Lasaren ama izango da fikzioan eta Aitor Mantxola oñatiarrak argazki zuzendari lanetan jardun du. Joandako neguan izan da errodajea eta irailerako estreinurako gertu dago guztia. Mantxolak ibilbide luzea du zineman eta, aitortzen duenez, “gustura” errodatu du etxe alboan oraingoan. Pagoagak oraingoan bigarren mailako papera du film horretan, Lasaren amarena, eta honek kontatzen du berezia izan dela Lasaren amaren galtzetan ibiltzea, elkarrizketa gutxirekin aurpegi eta keinuen bitartez erakutsi behar izan duelako pertsonaiaren sufrimendua. Zinemaldian bertan 80 egunean filmarekin izan zen lehen aldiz han Pagoaga. Hain zuzen, film horren zuzendariek, Joxe Mari Goenaga eta Jon Garañok, Loreak filma estreinatuko dute Zinemaldian. Loreak-en ere paper txiki bat du Pagoagak, gainera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak