Oso gutxigatik, baina finaletik kanpo geratu da Malen Ruiz de Azua

Xabier Urtzelai 2014ko uzt. 23a, 09:21

Amaitu da AEBtako abentura (Munduko Junior Txapelketa), eta baita denboraldia ere. Malen Ruiz de Azua ez da egongo egueneko finaletan, eta 15. postuan sailkatuta amaitu du txapelketa –rankingean 24. lekuan zegoen txapelketa aurretik. Hara joan aurretik jakinekoa zen finaletan sartzea oso zaila izango zela, eta hori ez lortuta ere posible zela pozik geratzeko moduko lana egitea. Bada horrela izan da, Arrasatekoak 4 metroko marka egin zuelako atzo Eugenen. Baina oso, oso gertu izan zuen finalerako txartela.

Aurreikusi baino kale gehiago egon ziren atzoko pertikako saioan, eta finalerako txartela ez zen bestetan bezain garesti egon. Hala, 3.60ko eta 3.75eko markak erraz gainditu ostean Malen Ruiz de Azua 3.90ekoan trabatu zen. Ezin lehenengoan, eta ezin bigarrenean. Balio gabeko bi salto. Alarma guztiak piztuta, azkarregi esan behar ziolako txapelketari agur. Baina ez; presioa gainetik kendu, eta hirugarrenean ondo gainditu zuen listoia.

Aurrerapauso handia egin zuen hor, hurrengo marka lau metrokoa zelako, hau da, bere marka pertsonaletik oso gertu ibili behar zen [4.02]. Eta hor hegan egin zuen, lehenengoan gainditu zuelako listoia. Hurrengo pausoa 4,10. Hori gainditzeak esan nahiko luke Ruiz de Azuak errekor pertsonala ekarriko zukeela AEBtatik, eta finalean sartuko zela. Hirugarren saiakeran gertu izan zuen helburua, "baina gai zela sinestea falta izan zitzaion", adierazi du Jontahan Perezek, txapelketa on-line eta urduri jarraitu zuen entrenatzaileak.

Finaletik kanpo, 3.90ekoan bi balio gabeko egin zituelako

Hala, 4,10eko markarekin hamaika atleta sailkatu ziren, eta azkeneko txartela 4 metroko markan geratu zirenen artean erabaki behar zen. Eta hor, 3.90ekoan bi balio gabeko egin zituelako Ruiz de Azuak aukerak galdu zituen, eta Reena Koll estoniarrak egin zuen aurrera. "Pozik geratu da eta bere marka pertsonaletik oso gertu. Pena ematen dit, eta badakit Malenek ere arantza txiki bat izango duela, entrenamenduetan 4 metroko saltoak erraz egiten dituelako. Baina, txapelketa batera iritsi eta onena ematea ez da batere erraza, nik ondo dakit hori. Maialenekin [Axpe] duela bi urte Bartzelonan izan nintzenean ikusi nuen jendea 4.05ekin finalera sartzen, eta handik bueltan Maleni esan nion bi urte genituela marka horren bueltan ibiltzeko, Eugenen finalean egoteko. Bada, ez da lortu, hau ez delako matematika hutsa. Pertikarekin egiten diren aurrerapausoek erritmo propioa dute, eta poliki joan behar da".  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak