EKTko koordinatzaile Julen Arexolaleibak Goienari esan dionez, "tramite batzuk egin beharra" zegoen oraindik Sarrionandia Euskal Herrira etor dadin, baina, modu batera edo bestera, bi eskola emango ditu EKT-n. Sarrionandia ez da hizlari ezagun bakarra izango: Juan Jose Ibarretxe eta Jesus Egiguren dira beste bi gonbidatu, eta mundu kultural eta akademikoko eta euskalgintzako ordezkari ezagunak ere izango dira.
EKTren aurtengo gai-ardatza "euskal nazio kulturalaren aurrerabidea" izango da, Arexolaleibaren hitzetan, eta Sarrionandiak bi hitzaldi egingo ditu: "Kanpotik gure herria nola ikusi izan duen eta aurrera begira nola ikusten duen, batetik; eta bestetik, euskal literatura azken hamarkadetan, ze eman duen eta ze erronka dituen".
Arduradunendako "poza" izan da idazle eta itzultzaileak EKTn parte hartzea onartu izana: "Eskaintza egin genion eta baietz esan zigun; gertutasuna erabatekoa izan zen. Badakigu literaturan eta pentsalari aldetik ze nolako gaitasuna eta duintasuna daukan".
Euskal idazle saritu eta oparoenetakoa
Joseba Sarrionandia (Iurreta, 1958) euskal idazle saritu eta oparoenetakoa da. ETAko kide izateagatik kartzelan zegoela, 1985ean ihes egin zuen eta Euskal Herritik kanpo bizi da, nahiz eta egozten zitzaizkion delituak preskribatuta egon.
Erbestetik etengabe argitaratu du, eta poesia, narratiba, saiakera, ume eta gaztetxoendako literatura, komikia eta itzulpenak landu izan ditu, besteak beste. Hainbat hizkuntzatara itzuli izan dute bere lana, tartean espainolera, ingelesera, alemanera, katalanera eta galegora. Irabazi dituen sarien artean, Kritikaren Saria euskarazko narratiba kategorian, Atabala eta euria eta Lagun izoztua nobelengatik, eta saiakerako Euskadi literatura saria 2011n, Moroak gara behelaino artean? lanarengatik.
Juan Jose Ibarretxe lehendakaria ere bai
Beste hizlari ezagun batzuk ere izango dira EKT ikasketetan, urrian hasiko diren eskoletan: batetik, XIX. bukaeratik gaur egunera arteko nazio kulturalen eta estatu politikoen arteko harremanaren gainbegiratua egingo du Paul Iztuetak; Kike Amonarrizek ere bere ekarpena egingo du; eta politikatik, Juan Jose Ibarretxe, Xabier Zubizarreta eta Jesus Egiguren izango dira hizlariak: "Instituzionalizazioa gertatu zenetik, azken hamarkadetan eta aurrera begira" Euskal Herriaren etorkizuna politikaren eremutik nola irudikatzen duten egingo dute gogoeta, Eta datozen 30 urteetan zer? izeneko saioekin.
Aurtengo beste gai berri bat hauxe izango da, koordinatzailearen hitzetan: "Egoera gatazkatsuetatik irtenda bizikidetasunera iristeko gainditu beharreko erronkak". Hori landuko dute Jose Angel Irigaraik, Mari Luz Estebanek eta Joseba Zulaikak, Bizikidetasunaren erronka emozionalak izenburuarekin.
Etxeko transmisioa
Bestalde, aurten, garrantzi berezia emango diote belaunaldiz belaunaldiko transmisioari. Horretarako, guraso eta seme edo alaba bikoteak gonbidatu dituzte: Jose Mari eta Gexan Sorsek kulturaren industriaren ikuspegia landuko dute; Martin eta Unai Ibarbiak, ikus-entzunezkoena; eta Edorta eta Irati Jimenezek, literaturarena.
Edukiak -eta hizlariak- hauek izango dira: Egungo euskal kulturgintzaren aitzindariak (Patxi Uribarren, Pilare Baraiazarra eta Mixel Etxekopar), Sortzaileak: mamia eta atsegina (Iratxe Retolaza, Ibon Aranberri, Joseba Sarrionandia, Joseba Gabilondo, Eider Rodriguez, Ixiar Rozas, Ander Lipus, Eneko Balerdi, Kalakan, Aire ahizpak, Josu Zabala, Josu Larrinaga, Miriam Luki, Concetta Probanza, Kukuka) eta, gai horren barruan, bertsolaritzak protagonismo berezia izango du eta aurreko urteetan ikasle izan diren bertsolariek –Miren Amurizak, Igor Elortzak, Fredy eta Xabi Payak, Iratxe Ibarrak, Onintza Enbeitak, Erika Lagomak eta Beñat Gaztelumendik– bertso-kronikak egingo dituzte; eta Sorguneak ikertegiaren eskutik, formazio teorikoa eta aurreko edizioetako sozializazioa.
Julen Arexolabeiba, Debagoiena Zuzenean saioan