Ze ardura dituzu Eskola Agenda 21 proiektuko arduradun gisa?
Eskola Agenda 21 proiektuak hiru arlo ditu: lehena, ikastetxearen diagnostikoa; bigarrena, urtero lantzen dugun gaia eskolako curriculumean txertatzea; eta hirugarrena, komunitatearen parte-hartzea. Arazik hirugarren atala aurrera eramateko ardura du, hezkuntza komunitatea eta udal ordezkarien arteko harremanak indartuz.
Debagoieneko bailaran, Bergaran eta Oñatin Eskola Agenda 21 programaren arduraduna edo koordinatzailea zara, ezta? Zertan datza zure lanak?
Bai: 2012-2013 eta 2013-2014an Bergara eta Oñatiko EA21eko koordinatzailea izan naiz, eta irakasle zein udal ordezkariekin harremanetan jardun dut. Araziko lantaldean edukien sorrera, diseinu lanak edo komunikazio lanak garatu dituzten lankideak izan ditut, bost pertsonako lantaldea osatuz.
Aurretik aipatu bezala, proiektu honek dituen hiru arloetako bat garatzeko ardura dugu. Atal honek herriko diagnostikoa egiteko helburua du, urte bakoitzean aukeratzen den gaiaren arabera.
Hortaz, 2013-2014 ikasturtean elikadura jasangarriaren diagnostikoa egin dugu, herri bakoitzaren egoera hobetzeko proposamenak aurkeztuz. Proposamen horiek ezohiko udalbatzarrean aurkeztu zaizkie alkate, zinegotzi eta udal teknikariei, eta horiek egungo egoera azaldu dute: martxan dauden proiektuak, etorkizunera begirako egitasmoak, e.a. Bestetik, ikasleek hainbat konpromiso adierazi dituzte, elikadura jasangarriaren alde eginez. Izan ere, gai honetan norberaren konpromisoak erabateko garrantzia du: zer erosten dugun, non erosten dugun, noiz erosten dugun produktu bakoitza…
Beste ze herritan daramazue Eskola Agenda 21en ardura?
Getarian, Orion, Zarautzen, Zumaian eta Zestoan.
Eskola Agenda 21 izena entzun duen baina zer den oso ondo ez dakien bati nola azalduko zenioke programa hori?
Garapen jasangarriarekin lotura duten gaiak ikastetxean lantzeko eta txertatzeko proiektua da. Gai bakoitza ingurumenaren esparrutik lantzeaz gain, gizartean duen eragina ere aztertzen da. Adibidez, elikadura jasangarria lantzeko orduan, ingurumenaren gaineko informazioa ematen zaie ikasleei: natur baliabideak, garaiko produktuak… baita gizartearen inguruko ikuspuntua ere: bertako edo kanpoko saltzaileari erostea, ekoizpen ereduak, e.a.
Elikadura jasangarriaren, aurtengo gaiaren inguruan, zeintzuk izan dira ikasleen ondorio nagusiak?
Ikasleek azokaren aldeko apustu garbia egin dute, bertako produktuak indartzeko asmoz eta baserritarrei laguntza eskaintzeko helburuarekin. Baratza komunitarioen gaia ere aipatu da, eta Bergara zein Oñatiko Udalek lanean dihardute bi ekintza horiek martxan jartzeko.
Hurrengo gaia zein izango da?
2014-2015 ikasturtean elikadura jasangarriaren gaiarekin jarraitzea erabaki da, alderdi askotatik landu daitekeen gaia izanik.
Nork aukeratzen ditu landu beharreko gaiak?
Ikastetxe bakoitzeko ordezkariak elkartzen dira eta ados ipintzen dira.
Eskola Agenda 21en barruan landu diren gaien artean zeintzuk izan dira zuretzat interesgarrienak, eta zergatik?
Gai guztiak dira interesgarriak, eta elkarren artean lotura izaten dute gehienetan: elikadura, hondakinak, ura, mugikortasuna…
Eskolako ikasleak udaletxera joaten dira eta proposamen batzuk egiten dituzte. Ziur proposamen harrigarriak, dibertigarriak… entzun dituzula. Gogoratzen dituzu batzuk?
Gehienetan, jolasteko tokiak eskatzeko aprobetxatzen dute! Frontoia, parkea, skate pista…
Udal arduradunek nola hartzen dituzte ekintza horiek, ze erreakzio egoten dira?
Jarrera onarekin eta, gai nagusitik ateratzen diren proposamenak jasotakoan, betiere, haiek aztertzeko asmoarekin.
Hori da guk kanpotik ikusten duguna, baina egunero-egunero, ikastetxean nola lantzen da Eskola Agenda 21?
Ikastetxean ingurumen batzordeak sortzen dira, eta ikasle ordezkariak egoten dira: batzuetan, eko-ordezkariak deitzen dira; beste batzuetan, patruila berdea… EA21eko irakasle koordinatzaileak bilerak egiten ditu ingurumen batzordeko kideekin eta, gero, ikasle ordezkari horiek gelan transmititu behar dute proiektuaren nondik norakoa.
Arazik garatzen duen arloari dagokionez, hiru saio garatzen dira ikasturtean zehar: ikasi edo saio teorikoa, gaiaren inguruko azalpenak jaso eta fitxa didaktikoak lantzeko; ikusi edo saio praktikoa, herrian zehar irteera egin eta hobe daitezkeen gauzak antzemateko; eta, azkenik, pentsatu izeneko saioa, hobetzeko proposamenak hausnartzeko.
Proposamen guztiak Arazira bidaltzen dira eta zerrenda bateratua sortzen dugu, ikastetxe guztietako ekarpenak uztartuz. Ondoren, ikastetxe bakoitzeko ordezkarien arteko bilera antolatzen dugu, irakasle zein ikasle, eta udalbatzarrean aurkeztuko diren proposamenak aukeratzen dira.
Proposamenak landu eta gorpuztu ondoren, udalbatzarreko aurkezpena prestatzen dugu.
Ikasle horien gurasoek ere, nolabait, bereganatzen dituzte Agenda 21-
eko edukiak?
Gurasoengana iristeko asmoarekin, buletin digitalak sortu ditugu, eta ikastetxeetako sarrera edo korridoreetan jarri dira.
Ingurumenarekin edo garapen jasangarriarekin lotutako beste ekintzarik egiten duzue Arazin?
Bai, kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpainak garatzen ditugu, eta ingurumenarekin lotura duten ekipamenduak kudeatzen ditugu.
Bestalde, ume eta gaztetxoekin lan egitea nolakoa da zuretzat, ze aportatzen dizu? Jende askok esaten du lan zaila dela, zuretzat ere hala da?
Niri izugarri gustatzen zait, zorionez!