Orriak pasatzea, elkartasun keinu

Irati Goitia 2014ko ots. 22a, 00:00

Egutegian azaltzen den argazki bat.
Iaz 50. urteurrena ospatzen ibili ziren Fagor Ederlan Taldekoak eta hainbat ekintza egin zituzten. Bada, orain, oroitzapen guztiak egutegi batean bildu dituzte. Bazkide-langileen artean jarri dituzte salgai. Bildutako dirua Aspanogirentzat izango da (Gipuzkoako haur minbizidunen guraso elkartea).

Inguruari eskerrak eman nahi

"Horrenbeste eman digun gure inguruari itzuli nahi genion dugunaren zati bat eta horretara bideratu dira 50. urteurreneko egitasmo asko. Adibidez, ate irekiak egin genituenean ere dirua biltzen ibili ginen. Etorri zirenek libreki ematen zuten. Gure asmoa orduan batutakoa bi elkarteri bideratzea zen –Zu Behar Zaitut eta Aspanogi–. Ez genuen esperotakoa batu, ordea. Beraz, ate irekietakoa Zu Behar Zaituti bideratu zitzaion eta Aspanogirentzat izango da egutegiekin batutakoa", adierazi du Ederlaneko komunikazio arduradun Inma Rodriguezek. Era berean, beste hainbat ekintza ere babestu zituzten joan zen urtean; adibidez, Eskoriatzako jaietako kontzertuak. 

12 hilabete, 12 ekintza

Bestalde, bazkideek eurek hainbat ekintza egin zituzten joan den urtean, urteurrena ospatzeko. "Guk eskatu geniena izan zen ospa zezatela 50. urteurrena euren erara. Izugarrizko emaitza izan genuen, denetarik antolatu zuten", esan du Rodriguezek. Hala, egutegiko hilabete bakoitzak egin zituzten ekintzak oroitzen ditu, besteak beste: enpresen arteko lasterketa otsailean, 18. Korrika martxoan, BTT martxa apirilean, sortzaileei eginiko omenaldi ekitaldia uztailean, motorrean eginiko irteera azaroan, Ederlantzen bideoaren grabazioa abenduan... "Urte osoan egin duguna bertan dago islatuta. 2013a oso berezia izan da guretzat eta oroitzapen bat izan nahi genuen. Orain, etxean ditugu argazki guztiak", gaineratu du Rodriguezek. 

Bi egutegi mota egin dituzte: hormarako eredua eta mahai gainerakoa. Kostuen %100 Ederlanek ordaindu ditu eta salmentan lortutako diru guztia Aspanogi elkarteari emango zaio, "Gipuzkoako umeei eta haien familiei laguntzeko, eta baita elkarteak martxan dituen programetarako", dio Rodriguezek. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak