Gaur, San Blas eguna, meza nagusia eta opilen bedeinkatzea Bergarako Buruñao auzoan

Goiatz Arana Begiristain 2014ko ots. 3a, 08:02

Opilak bedeinkatuko dituzte gaur Buruñao auzoan.
San Blas jaiak ospatuko dituzte Buruñao auzoan gaur, astelehena, hasita. 11:00etan meza nagusia egongo da eta opilak bedeinkatuko dituzte. Gero, nahi duten guztiendako salda eta txorizoa banatuko dute auzoko elkartean. Hitzordura iristeko autobus zerbitzu berezia ere egongo da: 10:30ean abiatuko da azokako geltokitik eta 12:15ean itzuliko da. Gainera, ermita zabalik egongo da egun osoan. Aretxabaletan eta Elgetan ere izango da gaur San Blas eguneko ospakizunik.

Aretxabaletan, Sailuenteko ermitan meza eta jakien bedeinkapena egingo dituzte, urtero moduan. Hiru hitzordu daude: 09:00etan, Monasterioan elkartuko dira; 10:30ean, Apotzaga-Etxebarri auzoan dagoen Sailuenteko ermitan; eta 19:00etan, azkenik, herriko parrokian.

San Blas eguneko ospakizunekin hasiko dute astea Elgetan ere. Gaur, astelehena, San Blas opilak egiten ikasiko dute Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako umeek —5-12 urte—. Amantalak jantzi eta orea prestatuko du nork bere gelan. Arrabolaz ondo zabaldu eta prest utziko dituzte opilak etxeko labean sartzeko. Lehen Hezkuntzako neska-mutikoak ariko dira sukaldari lanetan, eta Haur Hezkuntzakoek ere nagusiagoek prestaturiko opila bana eramango dute etxera.

San Blas opilak bedeinkatzeko ospakizuna gaur, 19:00etan, egingo dute parrokian eta Arantzetako San Blas ermitako meza, berriz, zapatuan, otsailaren 8an, 12:00etan.

Santa Ageda bezpera

Elgetan bertan, bihar, Santa Ageda bezperan, Uruburun, San Roke kalean, Salbador kalean, Torrealdean eta plazan abestuko dituzte koplak eskolako umeek. Giro txarra bada, frontoi zaharrean abestuko dute. Ikas bidaiarako dirua ateratzeko seigarren mailakoek, berriz, baserriz baserri eskean ibiltzeko asmoa dute.

Bihar da, Santa Ageda bezpera, eta, Elgetan moduan, bailarako herri ia gehienetan entzungo dira Santa Ageda koplak. Aramaion, baina, zapatuan bete zuten zeregin hori herriko hiru taldek elkarlanean, eta atzo Oñatin: azken hilabeteetan entseatzen ibili eta gero, atzo, domeka, Santa eskean atera ziren 1996an jaiotako neska-mutilak Oñatin.

Kintoak, bihartik

Santa Ageda kintoek auzoak eta kaleak hartuko dituzte bihartik. Aretxabaletan 1995an jaiotakoak irtengo dira eta Eskoriatzan, 1996koak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak