Duintasuna nik. Historia nirekin. Eskubideak niretzat. Begirunea niri. LGTBQ ni.

Neska edo mutila, ona edo txarra, garbia edo zikina, zerua edo infernua, heterosexuala edo heterosexuala. Eta punto.Batzuetan bi aukeren artean hautatu genezake, beste batzuetan hori ere ez. Baina lasai, diotenez bi aukeretako bakar batek soilik egingo zaitu zoriontsu. Besteak pertsona errukigarria, miserablea bihurtuko zaitu. A! eta ez konplikatu hirugarrengorik aurkitzen.

Legeak ez du sekula hirugarren aukeraz ulertu. Izan zaitezke legala edo ilegala. Espainiako Estatuan 8 urte daramazkigu homosexualok legezkoak izaten. Bai; izan ere, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak onartuta daude. Baina, zer da ezkontza, ezpada egun bakarreko mozorro festa instituzionala? Gay, lesbiana, transexual, bisexual eta queerrok, ezkontza eskubideaz haratago, bizitza duin bat izateko eskubidea dugu, gure sexualitateagatik iraindu, baztertu edo mespretxatuko gaituen inor jasan gabe. Ez gaude prest Elizak eta kontserbadore faxistek gutaz diotena onartzeko! Homosexual bat sendatu omen zuen Donostiako gotzain Jose Ignacio Munillak. Hori da erlijio kristauak sexualitate eredu androzentriko heterosexualetik kanpo kokatzen garenekiko duen errespetua. Eta orain, gainera, LOMCE legearekin erlijioak eta balore kristau zapaltzaileek hezkuntzan protagonismoa berreskuratzea nahi du PPk. Aurrera joan beharrean, hauekin atzeraka goaz. Gay, lesbiana, transexual, bisexual eta queerrok argi daukagu eremu ultraeskuindar eta elizkoietan ez gaituztela errespetatzen, ulertzen ezta onartzen ere.

Bada zure sexualitatea bizitzeko hirugarren aukerarik, baita laugarren eta bosgarrenik ere, gakoa sentitzean, gozatzean eta zu zeu izatean dago. Horren adibide garbia gara, sexualitate hegemonikoa apurtu eta feminismoz sistema patriarkal hau iraultzen dugun lagun familiak, gay aitak, harreman poligamoak dituztenak, ama lesbiana bikoteak, bisexualak, sexu langileak, bikotekide transexualak edota praktika sexual koitalak lehentasunezkoak ez ditugunak. 

Muga eta oztopoz betetako bizitza izateari utzi eta guk ere izan nahi dugu. Bada, hauxe aldarrikatzeko aterako gara urtero lez ekainaren 28an gure kaleetara! Ikusi gaitzatela, hemen gaudela, ez garela gehiago ezkutatzen!

Denok gara LGTBQ! Animatu mobilizazioetara!

--------------------

Saioa Martinez de Arenaza

(LGTBQ talde koordinatzailearen partaidea)

Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak