"Adegik dagoeneko ez du inor engainatzen! Arazoa ez dago legean, gogo ezan baizik!"

Metalgintzako hitzarmena negoziatzen ari garenon azken bilerak (otsailak 5) espero genuen amaiera ekarri du.

Adegik bereari eutsi dio: ez du nahi derrigortasunez bete beharrekoa izango litzatekeen hitzarmenik negoziatu, ezta soldata igoerarik. Laburbilduz, Raxoiren gobernuak oparitutako lan-erreforma aplikatu nahi du.

Joan den astean, Adegik jendartean egin zuen agerraldian zioenez, sindikatuok nahi baldin badugu, metalgintzako hitzarmena izango dugu. Baina diotenez, hitzarmena ezin da legez aurkakoa izan (lan-erreformari aipamena eginez), ez eta arriskuan jarri enpresen bideragarritasuna eta lehiakortasuna.

Gaur egun, Adegik sinesgarritasun arazoa dauka, jadanik ez duelako inor engainatzen. Arazoa ez dago legean, beste sektoreetan hitzarmenak lotu ditugulako; adibidez, papergintzan. Zergatik da gauzagarria Gipuzkoako papergintzan eta ez metalgintzan? Gauzagarria ez den ezer ez dugu eskatzen. Posible da, baina Adegiren partetik borondatea falta da.

Jendeak badaki metalgintza, beste sektoreentzat, oso erreferentziala dela, eta, beharbada, horrek argitzen du Adegiren jarrera.

Adegiri gogorarazi nahi diogu probintziako hitzarmenik ezak eta lan erreforma hutsak, hain zuzen, jar ditzaketela zalantzan enpresen bideragarritasuna eta lehiakortasuna. Ez dezagun ahantz lan erreforma honekin herrialdeko hitzarmenak neutralizatu nahi dituztela, beraien balioa kenduz.

Hitzartzen dena, indarrean sartuz, bete dadila eskatzen dugu soilik. Xede horretan, langileei eta enpresei eraginkortasuna emango dien akordioak lotzeko gogoa izan behar da; hori ez da lan erreformaren ondorioz gertatuko, patronalaren eta sindikatuen artean lotutako akordioen bidez baizik. Baina horretarako, nahia eta gogoa behar da.

Gaur egun ez diogu gisa horretako gogorik ikusten Adegiri, eta, hortaz, LABek irizten dio gure eskubideen aldeko mobilizazioak egiten jarraitu behar dugula. Ez baitago etorkizunik eskubiderik gabe. LAB sindikatuko delegatuak Gipuzkoako eskualde guztietan mobilizazioak egiten ari dira. Hori dela eta, gainontzeko sindikatuei mobilizazio egutegi bateratu bat egiteko deia luzatu die LABek. CCOOk eta UGTk beraien plataformetan aldaketak egingo dituztela planteatu dute eta ez dituzte mobilizazioak baztertu. ELAk Adegiren inmobilismoa salatu du, baina ez du mobilizaziorik aipatu.

Sindikalgintzaren erantzun bateratuak patronala mugiaraziko du; LABek helburu horretan egingo du lan. Langileek ez lukete ulertuko sindikatu hauek zirkinik ez egitea uztailaz geroztik gerta daitekeen hitzarmenaren benetako galeraren aurrean.

Egin dezagun guztiona eta gurea den hitzarmenaren alde!

--------------------

Ander Gallego Trancon

(LABeko Debagoieneko Metaleko arduraduna)

Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak