"Badago irtenbidea"

Une latz eta gogorrak bizi ditugu.

Herritar batzuek era saminkorragoan, beste batzuek ez hain modu latzean… baina guztiok kontziente gara, edozein momentutan, pobreziaren mugaren alde batean zein bestean egon gaitezkeela. Urteak daramatzagu krisian murgilduta, eta momentu honetan, ondorio gordinenak pairatzen ari gara: murrizketak ongizate estatuaren zutabeetan, osasun sisteman, hezkuntzan, zerbitzu publikoetan; krisiaren aitzakiarekin eskubide sozial eta laboralen murrizketa; zentralizazioa, daukagun burujabetza apurraren zentralizazioa eta murrizte ahaleginak; erakundeak ekonomia espekulatzaile eta merkatuaren menpean; zorpetze ikaragarria; sistema publikoa gero eta ahulagoa, pribatizazioaren eskutik; langabezia gora eta gora; etxebizitza uzte behartuak... 

 Aurrean daukagun krisia ez da krisi zikliko soila, krisi sistemikoa baizik, makina bat hamarkadatan indarrean jarritako politika neoliberalei esker sortutakoa, alegia. Logikaz jokatu eta errealitatera egokitutako azpiegiturak sustatu beharrean, arazo gehiago sortu dituzte. Beraz, lasai asko esan genezake irrealitate batean murgilduak bizi izan garela, oparotasun faltsuan.

Oraintxe dugu aukera erro-errotik sistema eraldatzeko eta planto egiteko. Nekatuta gaude komunikabideetan ikusgarri (zenbaki potolo eta plano politak dituztenak) geratzen diren proiektu estrategiko deiturikoekin. Eta nahiz eta EAJk, PSEk eta PPk gehiengoa izan, nahiz eta orain arte etorkizuneko belaunaldiei bizkarra eman dioten eta gure erakundeen erabaki ahalmena baldintzatu duten, behin betikoz "proiektu estrategikoak" deituriko horiek amaitu behar ditugu.

Baina horretarako ausardiaz jokatu behar dugu. Beti esan dugu, eta jarraitzen dugu pentsatzen, krisia aukera ere badela, eta guk, behintzat, krisiak eskaintzen digun aukera aprobetxatu nahiko genuke urteetako nora ezari aterabidea bilatzeko. Beraz, atzera begiratzeari utzi, eta etorkizunari ilusioz begiratu nahi diogu, aterabideak badaudelako, posible delako irtenbidea. Pertsonak ardatz izango diren irtenbideak badaudelako, erantzunak emango dizkiguten proiektu xume, zentzuzko eta bideragarrien bidez.

Horregatik, Alternatibak, Aralarrek, Eusko Alkartasunak eta Ezker Abertzaleak gaur egungo egoerari aurre egiteko landu dugu alternatiba sozioekonomikoa. Bertan, gaur egun bizi dugun, eta oraindik ere hondoa jo ez duen krisi sistemiko latzari aurre egiteko, eta buelta ematen hasteko hartu beharko liratekeen norabidea, ildoak eta neurriak bildu ditugu. Laburbilduz, ondorengo ildoak jasotzen dituena: lanaren banaketan eta sorreran indarra egiten duen ekonomia eredu produktibo jasangarria ezartzeko premia; ikerketa, berrikuntza eta garapenean inbertitzeak duen garrantzia. Baina sektore publikoan, eta hemengo enpresa txiki eta ertainetan; herritarren zerbitzura, eta planifikazio soziala eta ekonomikoa garatuko duen banku publikoaren garrantzia; lehen sektoreak ekonomian pisua hartzeko, jarraitu beharreko norabidea; politika fiskal progresibo eta ekitatiboen beharra; ekonomia sozial eta kooperatiboaren garrantzia; konponbide solidarioaren beharra, gizarte kohesionatu eta juxtuagoa lortzeko. 

Baina gure proposamena herritarrekin, orotariko eragileekin konpartitu eta elkarrekin landu nahi dugu. Horregatik, ekainaren 4an, Arrasateko Kulturaten, arratsaldeko zazpietan, dokumentua aurkezteko eta herritarren kezka, balorazio, ekarpen zein kritika jasotzeko hitzaldi irekira gonbidatu nahi zaituztegu.

--------------------

Ander Rodriguez, Rebeka Ubera, Maider Otamendi eta Enrike Letona 

Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak