"Txironadak: Xabier Zubizarretaren azken berbari puntutxo batzuk"

Lehenik eta behin, onartu behar dut ia inoiz ez dudala lortu Xabier Zubizarretak, Mondragoeko alkate izandakoak, idazten duena ulertzea.

Irakurtzen hasi eta bukatzea ere asko kostatzen zait, bere argumentazioen haria eta egiten dituen loturak ulergaitzak egiten zaizkit gehienetan eta, agian, joan zen ostiraleko Goiena-n Azken berba deituriko atalean esan nahi izan zuena ez nuen behar bezala jaso…

Baina gauza batek harritu nau zeharo, Bilboko Errekaldeko Kukutza gaztetxearen inguruan egin zuen aipamenak. Berriro esango diot agian ez diodala ondo ulertu, baina badirudi bere gaitzespena erakutsi nahi duela Kukutza eraitsi zutelako. Harritu egin nauela diot ze bera alkate izan zenean Azkunak Kukutza botatzeko mekanismo legal berak erabili baitzituen bere jardun instituzionalean. Kukutza epailearen aginduz bota dute, eta Xabier Zubizarretak, Mondragoeko alkate izan zenean, elkarrizketa arrazoitsuak baino nahiago zituen mehatxuz beteriko espedienteen eta epaitegien bidea erabilaraztea Mondragoeko bezino gehienoi. Bere jarrera Azkunarena bezain autoritarioa izan da.

Niri ere, bere agintaldian, lokal bateko plataforma bat botatzeko agindua eman zidan, nonbait Araudia ez zuelako betetzen. Araudia betetzen zuen, baina bere "ustez menpeko" funtzionarioek ez zuten Araudia behar bezala arakatu nahi izaten, ezta berak ere, noski. Egindako errekurtsoak ere ez zituzten behar bezala aztertzen eta askotan erantzuna ere ez zuten jasotzen. Eta bizkarrak salbatzeko edo gauzak behar bezala egiten zituztela frogatzeko erantzuna berehalakoa zen: nirekin ez hitz egin, joan epailearengana. Beraz, ez dakit zertara datorren orain epaileak Kukutza botatzeko aginduaren kontrako iritziak ematen. Epailearen erabakiak Mondragoen balio badu, zergatik ez Bilbon?

Bere artikuluaren beste esaldi korapilatsu batean badirudi Kukutzako eredu "alternatiboa" goraipatzen duela. Baina bera alkate izan zenean auzolan gutxi izan da gure herrian, udal jardunean eredu alter eta natiboa barik betiko eredu despotikoa eta txabakanoa; herritarren iritziak ia inoiz ez dira kontuan hartu, Udaleko asunto gehienak funtzionarioen esku, kanpoko erakundeen esku eta espazioaren gestioan aritzen diren enpresa kapitalisten esku utzi zituen eta.

-----------------------------

Ramon Ugalde
Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak