"Gazte 1 + ez!"

2007tik aurrera, kolore guztietako poliziek 250 gazte baino gehiago atxilotu dituzte, euren militantzia politiko soilagatik, Euskal Herrian.

Batzuk sarekada zabal mediatikoetan hartu izan dituzte preso, beste batzuk banan-banan eta kamera barik jausi dira indar polizialen edo militarren esku. Euren aurka ez da frogarik egoten, ez eta ekintza jakin batzuekiko balizko loturarik.

Kasu gehien-gehienetan, Segi gazte erakunde abertzale eta ezkertiarreko kide izatea da leporatzen zaiena; politikoki antolatuta egotea, beraz.

Segi gazte independentisten antolakuntzarako erakunde politiko hutsa da, herririk herri gazteekin lankidetzan, askatasunerako, berdintasunerako eta independentziarako aukerak eta ekimenak sortzen diharduena.

Baina legedia antiterrorista ezartzen zaie atxilotutako balizko kideei, bost eguneko inkomunikazio aldia eta gutxieneko sei urteko espetxe zigor eskaera barne.

Tortura salaketak ugariak izan dira, baina ez dira ikertzen.

"Terrorismoaren aurkako borroka" delako antzerki higuingarri honen azkenaurreko atala, Oarsoaldeko 17 gazteren aurka Audientzia Nazionalean abiatu berri den epaiketatzarra da. Hauei ere Segiko kide izatea da leporatzen zaiena, 2008tik hona kontrolpean mantendu dituen polizia operazio baten ostetik. Horietatik hiruk uko egin zioten epaiketan agertzeari eta ertzainek (enegarren aldiz) atxilotu egin zituzten Oreretan astelehenean (uztailak 18).

Aski da! Garai zahar zein berrietan, onartezina da gazteria antolatuaren aurkako jazarpena, baina orain, Ezker Abertzale osoa alde bakarreko urratsak ematen ari den bitartean, are jasangaitzagoa da Espainiaren itsukeria eta gerra gosea.

Oraindik, 2011ko Europan, militantzia politikoa itzalpean daroaten milaka herritar soil ditugu geurean, beti polizia, epaile eta politikari ukiezinen mehatxupean.

Honen aurrean, matxinatzeko eta antolatuta erantzuteko dei egin nahi diegu gazte guztiei.

Adi egon mobilizazioei eta herrietako ekimenei!

------------------------------

Mikel Etxeberria
(Arrasateko Gazte Independentisten izenean)
Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak