Oinarrizko kanpalekura itzuli dira mendizaleak, Nuptseko horman hiru egun egin ostean

Xabier Urtzelai 2012ko urr. 4a, 17:22

Alberto Iñurrategik, Mikel Zabaltzak eta Juan Vallejok atseden apur bat hartu ahal izango dute azken hiru egunak Nuptse mendiko hormetako batean igaro ostean. Altuerara egokitzeko egin beharreko lanen barruan lehenengo erronka Island Peak (6.200 metro) igotea izan zen. Eta, ia atsedenik hartu barik Naturgas/BBK Nuptse 2012 espedizioko kideak Nuptseko hegoaldeko hegalera abiatu ziren. Han, bide britaniarrean hiru gau egin dituzte, eta gaur bertan itzuli dira oinarrizko kanpalekura.

Bide britainiarra Walmsley eta Bonigton-en gidaritzapean zabaldu zuten 1961ean. Eta hiru euskaldunek hiru gau igaro dituzte bertan, 5.200, 5.800 eta 6.300 metrora hurrenez hurren. Helburua beteta itzuli dira, eta tontorrera hartuko duten bidea zehaztuta: konpromiso handiko jarduera izango da, oso pareta altua eta teknikoa da, eta bidea ez dago baldintza onenetan. Hala, espedizioko kideek adierazitakoaren arabera, “Altuerara guztiz egokitzeko gau gehiago pasa behar ditugu bertan, eskalatzeko garaian guztia eman beharra baitago 7.000 metrotik gora".

Egunez eguneko lana

Bigarren gaua mendi-lepo baten pasa ondoren, 5.800 metrotik gorakoa, bidea zaila bezain ikusgarria suertatzen da, izotz eskaladarekin eta eguzkiak bigundutako elurra oso baldintza txarretan dagoelarik. Kontu handiz joan beharra dago, sahiesbideak ondo aukeratuz, eskakizun tekniko ikaragarria duten parajeak gaindituz eta ia zortzimilako baten altuera duena. "Atzo, eskaladaren hirugarren egunean, haize nahiko bortitza hasi zen eta ez zen geratu. Gaur gauean, aristan geundela, ufada gogorrak jasan ditugu 6.300 metrora". Haizeak behintzat mendia garbituko du, goikaldean elurrez lepo baitago. 4 ordutan jeitsi dira gaur Chukung-era, oinarrizko kanpalekura iritsiz”.

Badakite Nuptse alpetar erara igotzea (oxigenorik gabe, garraiatzailerik gabe, soka finkorik gabe eta altuerako kanpamentu egonkorrik gabe) konpromiso handiko erronka dela baina aldi berean “guztia emateak” motibatzen gaitu, dio Mikelek. Ezinbestekoa altueran aklimatazio egokia egitea, “Zenbait gau gehiago behar ditugu 6.500 metro ingurura eta prisarik gabe joan beharra daukagu; tontorretik gertu egin beharreko eskaladak guztioi dena ematea eskatuko digu”.

Datozen egunak atseden hartzeko aprobetxatuko dituzte, eta atsedenaldia aprobetxatuko dute mendian egindako hiru egun hauetan hartutako irudiak editatzeko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak